#KulturaZientifikoa I. Jaialdia ospatuko da urtarriletik martxora

Iazko irailean Twitter sare sozialean antolatutako #KulturaZientifikoa ekimenari jarraipena emango dio

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

kulturazientifikoa-i-jaialdia-ospatuko-da-urtarril
Arg. Achucarro Basque Center for Neuroscience

Urtarrilaren 8tik martxoaren 31ra, #KulturaZientifikoa I. Jaialdia ospatuko da. Kultura zientifikoarekin gozatzea eta hura hedatzea dira ekimenaren helburuak, eta, hori, euskaraz egitea, Interneten.

Horretarako, nork bere arlotik, eta bere blog edo webgunean, edukiak sortu eta konpartitzeko aukera izango du; ondoren, parte-hartzaile guztien edukiak webgune anfitrioi batean bilduko dira, kasu honetan, Zientzia Kaiera. Jaialdian parte hartzeko, nahikoa izango da adieraztea “Eduki honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”, eta, antolatzaileari bidaltzea edukiaren Interneteko helbidea.

Nola ikasi Kimika kuantikoa izutu gabe” blogaren egile Jon Mattin Matxain kimikari teorikoa da ekimenaren sortzailea, eta ehundik gora erakunde eta pertsonek erakutsi diote atxikimendua jaialdiari, besteak beste, Elhuyarrek, eta, Elhuyarrekin batera, Elhuyar aldizkariak ere.

Iazko irailean Twitter sare sozialean antolatutako #KulturaZientifikoa ekimenari jarraipena emango dio jaialdiak. KulturaZientifikoa traola erabiliaz, 221 parte-hartzailek kultura zientifikoari lotutako 1.800etik gora txio bidali zituzten joan den irailaren 25ean. Egun hartako emaitza eta giro onari jarraiki sortu da jaialdia, eta parte hartu nahi duten guztientzat dago irekia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila