1995eko abenduan jaurtiki zen SOHO (Solar and Heliospheric Obserbatory) izeneko zunda Eguzkia eta heliosfera aztertzeko asmoz. Lasco izeneko koronografoa du zundak eta joan den abenduan inolako abisurik gabe kometa ezezagun bat azaldu zen.
Astronomoek kometak Eguzki alderantz deskribatutako kurba perfektuari begiratzeko astia besterik ez zuten izan, kometa berehala desagertu zelako. Eguzkiak irentsi zuen, edo bestela hango bero ikaragarriaz lurrinduta deuseztuko zen. Soho 6 izena eman zioten hil ondoren kometari eta Lasco-k detektaturiko zazpigarrena da. Astronomoek diotenez, Eguzki inguruan dabiltzan kometa txiki hauek duela 900 urte lehertu zen handi baten arrastoak izan daitezke.
Gure izarreko suzko zurrunbilora erortzen ez diren kometek ere, beren zerga ordaintzen diote Eguzkiari. Ingurutik igarotzen diren bakoitzean, diametroa metro batzuk txikiagotzen zaie eta masaren milarena edo uzten dute bertan. Kometen eta kometa-isatsen hondakinek poliki-poliki diskoa osatu dute Eguzkiaren inguruan planeten grabitazio-plano berean. Materiazko zerrenda horrek igortzen du argi zodiakala.