Kolesterol "txarra" odoletik kentzeko sistema berria

Los Angeles-ko eritetxe batean LDL Aferesi izeneko sistema garatu dute kolesterol-maila handia duten gaixoen odoletik kolesterol txarra izenekoa kentzeko. Sistema berria gaixo kritikoentzat prestatu da, hau da, akats genetiko baten ondorioz kolesterol-maila handiegia duten gaixoentzat. Horrelako gaixoek txikitatik kolesterol-maila oso handia izaten dute eta, batzuetan, 10 urte besterik ez duten umeek bihotz-ebakuntzak jasan behar izaten dituzte.

Gaixoen odoletik kolesterol txarra kentzeko, odola tutu baten bidez makina batean zehar igaroarazten da. Makinak odol-zelulak eta plasma banatzen ditu eta odol-zelulak berriro gaixoaren zainetara eramaten ditu. Plasma, ordea, kolesterol ona eta bestelako osagai kimikoak gorde baina kolesterol txarra kentzen dion iragazkitik igarotzen da. Bi orduren ostean gaixoaren odoleko kolesterol-maila erabat murriztuta egoten da, eta bi astetan ez du inongo tratamendurik behar izango.

Kolesterol-maila kritikoa ez duten gaixoentzat komenigarriagoa da dieta, sendagaiak eta ariketa nahasten dituen tratamendua. Teknika berriak emaitza onak baditu, agian etorkizunean kolesterol-maila handia duten gaixo guztiak sendatzeko erabili ahal izango da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila