Karbono dioxido kantitate handiagoek berotegi-efektua areagotzeaz gain, landareen hazkuntza bizkortzen dutela ohartu dira ikertzaileak. CO2 maila altuagoak zenbait landare, intsektu eta animaliaren iraupenean eragin dezake eta gaur egun ezagutzen ditugun ekosistemen oreka apur dezake. NASA eta Smithsonian Institutuak Floridako Kennedy Zentro Espazialaren ondoko hariztiak ikertuko dituzte aipatutako eraginak aztertzeko. Izan ere, karbono dioxidoa ugari den ingurunean haritzak azkarrago hazten direla ikusi da. Hostoek, ordea, elikagai gutxiago dute. Horrek hariztietako bizidunengan nola eragiten duen ikustea ahalbidetuko du eta hurrengo urteetan hainbat ekosistematan gerta daitezkeen aldaketak ulertzeko aztarna eman diezaieke ikertzaileei.