2016/07/05
323. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Jupiterren orbitan da Juno zunda
Dena NASAk espero bezala atera da: ia bost urteko bidaiaren ondoren, iritsi da Juno zunda Jupiterren orbitara, eta orbitan sartzeko maniobra guztiak arrakastaz bete ditu. Hala, "gas-erraldoitik inoizko gertuen" dagoen zunda bihurtu da Juno. Hain zuzen, Jupiterren goi-hodeietatik 5.000 km-ra baino ez dago, eta hor jarraituko du 20 hilabetez, Jupiterren inguruan orbitatzen, planeta ezagutzeko asmoarekin.
Jundo zunda Jupiterrera iristen (irudikapen artistikoa). Arg. NASA/JPL
Jupiterren sorrera eta bilakaera aztertzea da
Junoren helburu nagusia. Horretarako behar duen energia, bidaia osoan egin duen bezala, Eguzkitik hartuko du; horrek erabat berezi egiten du misioa, orain arte Jupiterrera egin diren misioetan zundek energia nuklearra erabili baitute.
Junok, ordea, eguzki-plakak daramatza bere hiru besoetan. Hori bai, orbitan sartzeko, zundaren motorrek 447 kg erregai (hidrazina eta oxidatzailea) erre behar izan dituzte.
Orbitan sartzeko maniobra ez zen erraza, eta misioa jarraitzen zuten NASAren kideek txaloka hartu dituzte dena aurreikusitako moduan atera dela baieztatzen zuten datuak.
NASAko kideak, Juno Jupiterren orbitan sartu dela ospatzen. Arg. NASA/JPL
Orain, Juno prest dago Jupiterren osaera, atmosfera eta magnetosfera ikertzeko datozen hilabeteetan. Lan hori egiteko, babes berezia jarri behar izan diote zundari, oso baldintza gogorretan aritu beharko baitu. Izan ere, Jupiterrek erradiazio handia igortzen du, eta tresnak izorratzeko arriskua dago. Arrisku hori ahal den neurrian saihesteko, orbita polarra egingo du Junok; zehazki, 37 orbita osatzeko asmoa du.
Jupiterri buruzko informazioa lortzeko, bederatzi tresna daramatza
Junok; tartean, mikrouhin-erradiometroak, eta infragorrizko espektrometro bat hodeiak aztertzeko; partikula energetikoen detektatzailea; eta magnetometro bat. Guztiekin jasotako datuek, Jupiterren sorrera ez ezik, Eguzki Sistemarena ere hobeto ezagutzeko aukera emango dutela espero dute misioaren arduradunek. Hurrengo hilabeteetan joango dira horren berri ematen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.