Kaliforniako teleskopio automatiko batek Eguzkiaren inguruan orbitatzen ari den objektu handi bat aurkitu du. Gorputza Neptunoren orbitatik hurbil dago, arroka eta izotzezkoa da, eta 570 km zabal da. Orain arte aurkitutako mota horretako objekturik handienetakoa da, eta 2003 VS2 izena jarri diote.
Neptunotik harantz dagoen Kuiper Belt eremuan aurkitu dute. 1992an Eguzkiaren inguruan biraka ari diren gorputz txiki eta arrokatsuz beteta dagoela ikusi zutenetik, 400 objektutik gora aurkitu dituzte han. Eguzki-sistemaren formazioan geratutako hondarrak direla uste dute.
2003 VS2 erresonantzia-orbitan dago Neptunorekin. Horrek esan nahi du Neptunok Eguzkiaren inguruan burutzen duen orbita bakoitzeko hark bi betetzen dituela. Gainera, orbita-mota horrekin kolisio-arriskurik gabe hurbil daiteke Neptunoren orbitara. Plutonek ere horrelako harreman orbitala du Neptunorekin, eta, horregatik, Pluton Txikia ezizena eman diote gorputz berriari.