Sator-arratoi itsuak denbora asko ematen du lur azpian zulaketa-lanetan. Izan ere, bidaia luzeak egin behar ditu jatekoa bilatzeko, eta, begirik ez duen arren, bidea topatzeko gai da.
Distantzia laburretarako, usaina eta oreka erabiltzen ditu norabidea aukeratzeko. Distantzia luzeetan, ordea, zientzialariek ondorioztatu dute informazio hori guztia Lurraren eremu magnetikoarekin konbinatzen duela. Izan ere, laborategian egindako probetan ikusi dute kanpoko eremu magnetikoa aldatzeak nahasi egiten duela arratoia.
Mekanismoa zein den ez dago argi, baina, zenbait zientzialariren ustez, sudurraldean dituen magnetita-kristalek zerikusi handia izan dezakete. Magnetita eremu magnetikoaren arabera orientatzen da eta, hori baliatuz, arratoiek etengabe egiazta dezakete norabidea.
Orain arte, Lurraren eremu magnetikoa orientatzeko erabiltzen duen lurreko ugaztunik ez zen ezagutzen.