Itsasgarria oinetan

Itsasgarria oinetan
2006/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: S. Niederegger & S. Gorb/Max Planck Society)

Tarantulek oinetan zeta itsasgarri bat jariatzen dutela aurkitu dute Max Planck Institutuko ikertzaile batzuek. Aurkikuntza kasualitatez egin zuten: Costa Ricako zebra tarantularen (Aphonopelma seemanni) lokomozioa ikertzen ari ziren, eta atsedenaldi batean kamera itzaltzea ahaztu zitzaien; bada, lanera itzulitakoan, tarantulak arrasto batzuk utzi zituela konturatu ziren, eta kamerari begiratuta ikusi zuten tarantulak oinetatik zeta jariatu zuela.

Dirudienez, oinetatik jariatutako zeta hori itsasgarri gisa erabiltzen du tarantulak, horman gora igotzean ez irristatzeko, besteak beste.

Bada, orain, ikertzaileek jakin nahi dute eboluzioan zer leku duen oinetako zetak; eta, esate baterako, amarauna egiteko erabiltzen duten abdomeneko guruinak oinetako guruinetatik eboluzionatu ote zuen, bietatik zeta berdina jariatzen baitute.

1
225
2006
11
014
Zoologia; Biologia; Materialak
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila