Ozeano Atlantikoaren hondoan 1,6 kilometro barrura egin, eta, 111 milioi urteko sedimentuetan, arkeoak aurkitu ditu Britainia Handiko Cardiff Unibertsitateko talde batek. Bizidunak zer sakonerataraino iristen diren jakin nahian egin zuten ikerketa hori, hau da, biosfera itsas hondoan zer sakonerataraino iristen den ikusteko. Izan ere, hainbat adituk iradoki dute Lurreko prokariotoen bi heren itsas hondoaren azpian bizi direla, eta lauzpabost kilometroraino iritsi behar luketela. Iradoki bai, baina orain arte inork ez zuen aurkitu bizidunik itsas hondotik 842 metrora baino gehiagora.