59. Ariane jaurtigailuak joan den irailean Spot 3 izeneko teledetekzio optikozko satelitea jarri zuen orbitan Lurretik 800 kilometroko altueran.
Osagaien kalitatea egiaztatzeko behin eta berriz atzerapena izan ondoren, irailaren 25a aukeratu zen satelitea jaurtitzeko. Bezperan ez zirudien meteorologia aldetik oztopoak egongo zirenik, baina askotan usteak ustel ateratzen dira. Jaurtitzeko orduan, ekaitz hodei beltza agertu zen zeruan eta berriro ere atzeratzea beste irtenbiderik ez zuten izan.
Azkenean irailaren 26an (1 h 45 minutuetan, UT), Ariane-ren 240 tonak Guyanako Kourou-ko zerura dotore aireratu ziren. Jaurti eta handik 3 ordu eta 2 minutura, Spot 3 satelitea (1.907 kilokoa) askatu zen. 45 minutu geroago, sateliteak bere eguzki-panela zabaldu eta laster hasi zen funtzionatzen.
Bere sistema optoelektronikoaren bidez, 117 kilometro zabaleko zerrenda “ikus” dezake. Ohizko teknikaren arabera, Lurra CCD zelulazko barren azpian igarotzen da eta sateliteak bistak hartzen ditu. Banda estuetan satelitearen bereizmena 20 metrokoa da eta pankromatikoan 10 zentimetrokoa.
Irailaren 28az gero ari da Spot 3 satelitea irudi bikainak bidaltzen, baina jadanik Spot 4 satelitea prestatzen ari dira. Orain Spot 5 satelitea diseinatzeari ekin diote eta 5 metroko bereizmena izan dezan lortu nahi dute.