Insomnioa garuneko komunikazio-sareetako kalteekin erlazionatuta dago

Insomnioa oso ohikoa den arren, haren arrazoiak eta ondorioak ez dira ezagutzen guztiz. Orain, ordea, emaitza esanguratsuak argitaratu dituzte Radiology aldizkarian: insomnioa duten pazienteek garuneko materia zuria kaltetuta dute.

insomnioa-garuneko-komunikazio-sareetako-kalteekin
Arg. RADIOLOGICAL SOCIETY OF NORTH AMERICA

Materia zuria garuneko neuronen axoiez osatutako zuntz luzeez beteta dago, eta haren zeregina oinarrizkoa da garunaren funtzionamendurako: garunaren aldeak elkar konektatzen dituzte. Substantzia zuriaren zuntzak kaltetzen badira, garunaren alde horien arteko komunikazioa eten egiten da. Hain zuzen ere, insomnio-pazienteen garunetan materia zuriaren zuntzen egoera aztertu dute, eta anormaltasunak antzeman dituzte.

Ikerketaren helburua materia zuri anormalaren eta insomnioaren iraupen eta ezaugarrien arteko erlazioa aztertzea zen. Horretarako, lehen mailako insomnioa duten  23 paziente eta 30 kontrol osasuntsu alderatu dituzte. Lehen mailako insomnioa esaten zaio lo hartzeko eta lo mantentzeko arazoak hilabetez edo denbora gehiagoz izateari. Halakoetan, nekea, gogo-aldartearen alterazioak eta arazo kognitiboak antzematen dira; baita antsietate-arazoak eta depresioa ere. Hortaz, ikerketan parte hartu duten parte-hartzaile guztien loaren kalitatea, insomnio-maila, antsietate-maila eta depresio-maila aztertu dira. Gero, garunaren erresonantzia magnetikoa egin zaie, materia zuriaren zuntzetan kalterik ba ote dagoen ikusteko.

Ikerketaren arabera, insomniodun pazienteek garunaren eskuineko aldean eta talamoan –kontzientzia, loa eta alerta-egoera erregulatzen dituena– materia zuriaren nabarmenki kaltetua zuten, kontrol osasuntsuen aldean. Ikertzaileek diote materia zurian ikusi diren kalteen oinarrian mielinaren galera egon daitekeela, nerbio-zuntzen inguruan egoten den babes-geruzaren galera, hain zuzen ere.

Bestetik, talamoa zenbateraino dagoen kaltetuta insomnioaren iraupenarekin eta depresio-mailarekin bat zetozela ikusi dute. Talamoa da, azken batean, gorputzaren erloju biologikoaren osagai garrantzitsuak hartzen dituena. Hala eta guztiz ere, ikertzaileek ohartarazi dute kalte neurologikoen eta insomnioaren arteko erlazioa argitzeko paziente gehiago aztertuko dituzten ikerketak egin behar direla.

Goiko irudiak erakusten ditu garunean azaltzen diren eta mielina-zuntzez osatutako 6 egiturak edo bidexkak, bakoitza kolore eta akroniko batez (ALIC, ACR, BCC, PLIC, R, SCR eta SLF). 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.