Ingurumen-larrialdi global honen aurrean komunikazioa modu arduratsuan egitea ezinbestekoa delakoan, ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa sortu du Elhuyarrek. Klima-larrialdia, biodibertsitatearen galera, desertifikazioa, kutsadura eta baliabide naturalen xahutzeari, bestelako krisi sozial, ekonomiko zein sanitarioak gurutzatzen zaizkio, elkar elikatuta. Konplexutasun handiko krisia da, eta, beraz, konplexutasun-maila bereko komunikazioa eskatzen du.
14 ideia gako ditu dekalogoak, ingurumenari buruzko komunikazioa arduratsua eta, era berean, sozialki eraginkorra izan dadin. Elkarlan baten emaitza da hauxe: zientzialariek, gizarte-eragileek, hezkuntzako eragileek eta zientzia-dibulgatzaileek elkarlanean egindako gogoeten ondorio. Hausnarketarako proposamen bat izan nahi du, zuzenean interpelatzen gaituen gai konplexu honetan, lanketa luze baten abiapuntua. Dekalogo bizia, beraz; ekarpenekin aberasten eta eraldatzen joango dena.
HEMEN dago eskura ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyarren dekalogoa. Eta HEMEN SAKATUTA, PDFan deskarga daiteke. Gaurtik hasita, bi astez, egunero ingurumenaren komunikaziorako gakoa izan daitekeen ideia bat zabalduko da.
Elhuyarren dekalogoak eta balioak biltzen dituen DEKALOGOAK atala ere sortu da zientzia.eus-en, oraingoz pentsamendu kritikoaren dekalogoa eta ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa biltzen dituena, baina denboraz osatzen joango dena.
Elhuyarrek garatutako teknologia