Estatu Batuetako Osasunaren Institutu Nazionalak (NIHk) iragarri du aldatu egingo duela biomedikuntzako ikerketak finantzatzeko politika. Ikerketa klinikoetan gardentasuna, zehaztasuna eta errepikakortasuna lortzea da helburua, eta baita gizartearekiko konpromisoz jokatzea ere.
Horretarako, finantzatuko diren ikerketek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Esaterako, erabiliko diren protokolo klinikoak aurrez erregistratu beharko dira. Bestetik, ikerketaren emaitza guztiak argitaratu beharko dira. Bi neurri horiekin, emaitzen argitalpen selektiboa ekidin nahi da, ez daitezen emaitza nuluak ezkutatu. Gainera, gizakien parte-hartze esperimentala eskatzen duten ikerketetan, ikertzaileak praktika kliniko onetan formatu egin beharko dira hiru urtetik behin. Besteak beste, parte-hartzaileen eskubideak, segurtasuna eta konfidentzialtasuna berma daitezen.
Neurriok “entsegu kliniko” gisa definitutako ikerketetan bakarrik hartuko dira. Oro har aldaketak positibotzat hartu badira ere, zientzialariak ez daude guztiz ados. Entsegu klinikoaren definizioa bera nahasgarria dela adierazi du zenbaitek. Francis P. Crawley Europako Praktika Kliniko Onen Ituneko kideak adierazi duenez, “zoritxarrez, NIHek bi lerro sakratu zeharkatu ditu: oinarrizko ikerketa eta ikerketa klinikoaren arteko lerroa, eta zientzia biomedikoen eta giza jokaera aztertzen duten zientzien artekoa”. Definizio-aldaketa horrek kezkak eragin ditu nazioartean, eta jada 3.580 ikertzailek sinatu dute haren kontrako eskaera.
Berez politika-aldaketa honek Estatu Batuetako ikerketei bakarrik eragingo badie ere, pentsatzekoa da joera hori zabaldu egingo dela, aurretik NIHk hartutako neurriek izan duten eragina ikusita. Aldaketak 2018ko urtarrilaren 25an jarriko dira martxan.
Elhuyarrek garatutako teknologia