Ig Nobelak, ikerketa xelebreenei saria

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Nobel sariak iragartzen diren garai bertsuan, haiekin zerikusia duten beste sari batzuk ere banatzen dira. Ig Nobelak dira, eta saria merezi izateko bi baldintza bete behar dituzte ikerketek nahitaez: batetik, barrea eragiteko gai behar dute, eta, bestetik, pentsarazi egin behar dute. Ikerketa gehienek betetzen dute bigarren baldintza; beraz, lehenengoan dago koska. Edonola ere, aurten ere sorta ederra bildu du sariketaren antolatzaileak, Annals of Improbable Research aldizkariak. 
 
“Izan ote daitezke katuak solidoak bezain likidoak?”; horra 2017ko Ig Nobeletan saritutako lehen ikerketaren izenburua. Fisikako kategorian jaso du saria, eta, zehazki, erreologia-arloko lana da. Materialen deformazioa eta jarioa aztertzen ditu Fisikaren arlo horrek, eta, ikertzaileek ikusi dutenez, katuak hain dira malguak, ezen, erreologiaren ikuspuntutik, likidoen antza hartzen duten.
 
Ekonomiako kategorian saritutako ikerketan ere azaltzen dira likidoak eta animaliak. Hain zuzen, ur gaziko krokodilo bat besoetan izatearen eragina neurtu zuten; zertan, eta txanpon-makina batean jokatutako diruan. Ondorioztatu zutenez, krokodiloa besoetan hartu ondoren, jendea zuhurragoa bihurtzen da, eta diru gutxiago jokatzen du aurretik baino. Hala ere, ikertzaileek ez dute gomendatzen krokodiloak ematea ludopatei, haien mendekotasuna tratatzeko.
 
Biologiako protagonistak ere animaliak dira; Neotrogla generoko intsektu batzuk, hain zuzen, Brasilgo haitzuloetan bizi direnak. Bada, ikertzaileek frogatu dute emeak direla zakila dutenak, eta arrak, berriz, baginadunak. 
 
Norberak etxean egiteko moduko ikerketak ere saritu dituzte. Batetik,  Bakearen kategorian, frogatu dute digeridoo musika-tresna jotzeak zurrunga egiteari uzteko balio duela. Anatomiako kategorian, berriz, zahartu ahala gizonei belarriak luzatu egiten zaizkiela erakutsi dute. Bestalde, Jariakinen Dinamikako kategorian, frogatu dute, eskuetan ardo-kopa bat edo kafe-kikara bat duzula atzerantz ibiliz gero, likido gutxiago isurtzen dela, aurrerantz ibilita baino. Eta, azkenik, Obstetrizia kategorian, Kataluniako ikertzaile-talde bat saritu dute, frogatzeagatik 16 asteko giza fetuek gehiago erantzuten diela musikari baginaren zehar iristen bazaie, sabelaren bestaldetik entzunda baino.
 
Medikuntza, Nutrizioa eta Zientzia Kognitiboak izan dira saritutako beste kategoriak, eta, ohi bezala, benetako Nobel saridunen eskuetatik jaso dituzte sariak hautatu guztiek. Zorionak denei!
 
Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila