Ibaia Marten

Marteko irudiak hartzen ari den espazio-ontziak, bertako ubide zahar baten irudia izan litekeena eskaini digu berriki. Ibaia lau kilometroko zabalera duen arroilan legoke. Planeta honetan ura libreki doala frogatuko lukeen argibide indartsuena izango da honako irudi hau.

NASA

Edonola ere, ibai honen ibaiadarren arrastorik ere ez da oraingoz, eta ibaiko ura, euri urez betetzen bada behintzat, gisa honetako ibaiadarrak aurkitzea ez litzateke harritzekoa izango.

Dena den, espazio-ontziko kameraren arduradun den Michael Malin ikertzaileak adierazi duenez, espazio-ontzia oraindik ez da jarri irudi egokienak hartzeko posizio hoberenean eta urtebeteren buruan argibide gehiago izatea espero omen dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila