Amasia deitzen zaio etorkizunean osatuko den superkontinenteari, hau da, gaur existitzen diren kontinenteak elkartzen direnean sortuko den lehorreko lur jarraituari. Geologoek badakite hori gertatuko dela, kontinenteak ziklikoki elkartzen eta bereizten direlako, baina ez dakite nola gertatuko den zehazki hurrengo elkartzea. Orain arte.
Amerika mendebalderantz mugitzen ari da, Europatik alde egiten eta Asiarantz hurbiltzen. Afrika iparralderantz mugitzen ari da, eta baita Australia ere, eta biratzen ari da aldi berean. Mugimenduak berez ez dira kontinenteenak, plaka tektonikoenak baizik; alegia, kontinenteei eusten dieten eta Lurreko mantuaren gainean flotatzen ari diren egitura osoenak. Plaka batzuk beste batzuen azpian sartzen ari dira etengabe, eta, gainera, plakak ez dira solido zurrun aldaezinak. Nolanahi ere, plaken mugimendu horiek guztiak jakinak dira, eta zehaztasun handiz neurtuta daude, urtean zentimetro gutxi batzuk baino ez direlako.
Geologo batzuek uste dute mugimendu horietan oinarrituta estrapola daitekeela Amasia superkontinenteak izango duen itxura. Beste batzuek, ordea, aldaketak iragartzen dituzte kontinenteen mugimenduetan lur guztiak elkartu baino lehen, eta, beraz, zailagoa da Amasiaren itxura iragartzea.
Ikerketa-lerro horren barruko azken emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte Yale Unibertsitateko geofisikari batzuek. Eta tarteko irtenbidea proposatu dute. Lurraren historian izan diren aurreko superkontinenteak ikertu dituzte harrien orientaziotik ateratako informazio magnetikoaren bitartez, eta ikusi dute superkontinente bakoitza aurrekoak zuen posiziotik 90° mugituta sortzen dela. Eta haien ereduak ere gauza bera iragartzen du Amasiaren sorrerarako.
Ereduaren arabera, lehendabizi Ipar eta Hego Amerika batuko dira, eta gero iparralderantz mugituko dira, eta Asiarekin batuko dira Ipar poloan, gutxi gorabehera. Australia Indiarekin batuko da, eta, horrela sortuko da 200 milioi urte barru Amasia superkontinente berria.
Superkontinenteei eta Amasiari buruz hitz egin zuen Arturo Apraiz geologoak Norteko Ferrokarrilla irratsaioan.