Hondakin plastikoak, Lurreko ozeano guztietan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

hondakin-plastikoak-lurreko-ozeano-guztietan
Hondakin plastikoen eremu nagusiak. Arg. CSIC

Ozeanoetan hondakin plastikoen bost eremu handi daude, eta eremu horiek bat egiten dute azaleko uren zirkulazio-aldaketekin. Hori da Malaspina espedizioak (CSIC) argitara eman duen azken ikerketaren ondorio nagusia. Hain zuzen, Cadizeko Unibertsitateak gidatuta, artikulu bat argitaratu dute PNAS aldizkarian, eta han agerian utzi dute Ozeano Barearen iparraldeko biltegiaren antzekoak daudela baita Ozeano Barearen hegoaldean, Ipar Atlantikoaren erdialdean, Hego Atlantikoan eta Indiako Ozeanoan.

Horrez gain, ikertzaileek ohartarazi dute litekeena dela azaleko uretako biltegi horiek ez izatea hondakin plastikoen azken helmuga. Izan ere, mikroplastikoak kate trofikora eta ozeano hondora igarotzen ari direla pentsarazteko zantzuak topatu dituzte ikerketan.

Aurkitutako plastiko nagusiak polietilenoa eta polipropilenoa dira, egunerokoan gehien erabiltzen diren polimeroak, hain justu. Azaldu dutenez, itsas lasterrek hondakin plastikoak garraiatzen dituzte, eta eguzki-erradiazioak gero eta zati txikiagoetan zatitzen ditu. Horrek kate trofikora igarotzea eta ekosistemak poluitzea errazten du. Poluzio horren ondorio gehienak, ordea, oraindik ezezagunak direla aitortu dute ikertzaileek.

Bestalde, bost eremu horietan,  itsasoratzen diren hondakinen zati bat baino ez dute aurkitu.  Hortaz, hurrengo erronka da gainerakoa non dagoen jakitea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila