Hiesaren ikertzaileen bidaia Erdi Arora

img height="284" hspace="5" src="Images/A209-012.jpg" vspace="5" width="200"/>

Antza denez, Erdi Aroan izandako izurri handiei zor diete zenbait europarrek hiesetik babestuta egotea. Hain zuzen, europarren % 10ek nolabaiteko immunitatea du hiesarekiko, eta hori mutazio bati zor diote. Globulu zurien CCR5 proteinaren mutazio bati esker, hiesa sortzen duen birusak ezin du globulu zurietan sartu, eta, beraz, ezin ditu infektatu.

Ikertzaileek ez dakite zergatik duen hainbeste jendek mutazio hori Europan. Izan ere, beste tokietan mutazio hori oso-oso jende gutxik du. Aukera bat izan daiteke mutazio horrek beste gaixotasun batetik babesten zuela, eta horregatik zabaldu dela. Mutazioa noiz gertatu zen begiratuta, ikusi dute duela 2.500 bat urte azaldu zela, hiesa agertu baino askoz ere lehenago. Eta, gainera, badirudi Erdi Aroan bihurtu zela ohikoen.

Britainia Handiko Liverpooleko unibertsitateko ikertzaileen arabera, XIV. mendean, 1347-1350 urteen artean, Izurri Beltzak europarren % 40 hil zuen. Orduan 20.000 pertsonatik batek zuen mutazioa. Gerora, berriro izan ziren izurriak, eta azkena Londresko izurri handia izan zen, 1660an. Horrekin batera, mutazioaren frekuentzia asko handitu zen. Beraz, ikertzaileek uste dute Izurri Beltzetik babesten zuela nolabait mutazioak, eta, ondorioz, izurriak mutazioa hedatzen lagundu zuela.

Londresko ikertzaile-talde bat, ordea, ez dator bat haiekin, eta uste dute gakoa baztanga izan zela. Izan ere, XVII. mendetik aurrera baztangak jende asko hil zuen Europan. Gainera, baztangaren eragilea, hiesarena bezala, birus bat da, eta Izurri Beltzarena, berriz, bakterio bat, Yersinia pestis. Zaila iruditzen zaie mutazio berak lehen bakterio batetik eta orain birus batetik babesteko balio izatea.

Hala ere, Liverpoolekoak gai dira azaltzeko zergatik den ohikoagoa mutazioa Europaren iparraldean. Eskandinavian eta Errusian populazioaren % 16k du mutazioa, eta, adibidez, Sardinian % 4k besterik ez. Ikertzaileen esanean, iparraldean izurriak XIX. mendera arte iraun zuen, eta horregatik da mutazioa beste tokietan baino ohikoagoa.

Benetan zaila da jakitea nork duen arrazoia, baina deigarria behintzat bada jakitea lehen izurri batetik babestu zuen mutazioak gaur egungo izurritik babesten duela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila