Hiesa hezur-muin transplanteekin tratatzeko saio batek huts egin du makakoetan

Hezur-muin transplante bat jaso ondoren sendatutako “Berlin pazienteak” bakarra izaten segitzen du

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Berlin pazientearen kasua oso berezia da. Bakarra, izatez. Leuzemia bat tratatzeko, erradioterapia eta hezur-muin transplante bat jaso zituen, eta tratamendu hark GIBa, hiesa eragiten duen birusa, ezabatu zuen bere gorputzetik. 2008tik ez du jasotzen terapia antirretrobiralik, eta “garbi” segitzen du. Harrez gero, ikertzaileak halako kasu gehiagoren bila ibili dira, baita sendatzea zerk eragin zuen ulertu nahian ere, hiesa tratatzeko aukera berriak ekar ditzakeelakoan. Emory Unibertsitatean rhesus makakoekin egin dute entsegu bat, baina emaitzak ez dira onak izan. Makakoak ez dira sendatu hezur-muin transplantea jaso ondoren.
hiesa-hezur-muin-transplanteekin-tratatzeko-saio-
GIBak, horiak, immunitate-sistemako zelula bat infektatzen. Arg. Alergien eta Gaixotasun infekziosoen AEBtako Insititutua (NIAID)

Sei reshus makako erabili dituzte saiakuntza egiteko.Gizakien eta tximinoen immunoeskasiaren birusen konbinazioz sortutako SHIV birusarekin infektatu zituzten guztiak, eta antirretrobiralekin tratatu denbora batez, tratamenduan dauden pertsonen egoerarekin parekatzeko gorputzeko birusaren kontzentrazioa. Ondoren, Berlin pazienteak jasotako tratamendua eman zieten erdiei: erradioterapia eta hezur-muin transplantea. Azkenik, antirretrobiral bidezko tratamendua kendu zieten guztiei, birusaren kontzentrazioarekin zer gertatzen zen neurtzeko.

PLOS Phatogens aldizkarian argitaratu dituzte saiakuntzaren emaitzak, eta, horien arabera, tratamendua ez da baliagarria izan birusa makakoen gorputzetik ezabatzeko. Espero bezala, erradiazioak makakoen odoleko eta immunitate-sistemako zelula ia guztiak suntsitu zituen, eta, ondorioz, baita SHIV birusak ere (immunitate-sistemaren zelulak baitira haien jomuga). Baina hezur-muin transplantea jaso eta immunitate-sistema bere onera etorritakoan, SHIV birusen kontzentrazioak ere azkar egin zuen berriz gora, terapia antirretrobirala eten orduko. Transplantea jasotako hiru makakoetako bitan kontrol-taldean bezain azkar egin zuen gora; hirugarrenari giltzurrunak huts egin zion, eta hil ondoko azterketek erakutsi zuten odolean ez, baina ehunetan bazituela birusak.

Gakoa, mutazioan?

Hezur-muin transplantearen hipotesia aztertzeko animaliekin egin den lehen saioa izan da hau, baina badu alde handi bat Berlin pazientearen kasuarekin. Izan ere, Berlin pazienteak jasotako hezur-muinaren emaileak GIBarekiko erresistentzia ematen duen mutazio bat zuen. Mutazio horrek CCR5 genearen funtzioa eragozten du, eta, ondorioz, ez da sortzen GIBari giza zeluletan sartzea errazten dion proteina bat. Proteina hori gabe, CCR5 genearen bi kopiak mutatuta dituzten pertsonek berezko babesa dute GIBaren aurrean.

Ikertzaileek uste dute mutatutako hezur-muineko zelulak jaso izanak zerikusi handia duela Berlin pazientea sendatzearekin. Hipotesi nagusiaren arabera, erradiazioak pazientearen immunitate-sistemako zelulak suntsitu zituen, eta haiekin batera GIBak; ondoren, transplantatutako hezur-muinetik sortutako immunitate-sistemaren zelula berriek berezko babesa dutenez, pazientearen zeluletan inon GIBik geratu bada ere, ez da gai izan berriz hedatzeko.

Saiakuntzan erabilitako makakoek ez zutenez halako mutaziorik, Emory Unibertsitateko ikertzaileek ezin izan dute hipotesi osoa aztertu. Halaber, aitortu dute oso lagin txikiarekin egin dutela lan, eta ikerketa zabalagoak behar direla ondorio sendoak izateko.

Gizakien artean bildutako datuak ere oso mugatuak dira. Berlin pazienteaz gain, antzeko emaitza izan duten beste lau kasu ezagutzen dira munduan: bi Estatu Batuetan, eta beste bi Australian. Estatu Batuetako bi kasuetan, GIBaren infekzioa itzuli egin zen antirretrobiralen tratamendua eten ondoren. Australiako kasuetan, berriz, antirretrobiralak hartzen segitzen dute pazienteek, hezur-muin transplantea jaso ondoren birusa detektagarria ez den arren.

Edonola ere, ikertzaileek hasieratik ohartarazi dute hezur-muin transplante bat bere horretan ez dela bideragarria hiesa tratatzeko, prozedura arriskutsuegia izango bailitzateke.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila