Hezurren Osineko homininoak neandertalen lerrokoak zirela erakutsi du DNA nuklearrak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Hezurren Osineko fosilen DNA nuklearra aztertuta, ondorioztatu dute duela 430.000 urteko gizaki haiek ahaidetasun handiagoa zutela neandertalekin, denisovarrekin baino. Aurrez, DNA mitokondrialaren analisi batek kontrakoa iradoki zuen. Ezusteko emaitza izan zen, hezurren morfologia neandertalenaren oso antzekoa baitzen. Orain, DNA nuklearraren analisiak neandertalen lerrokoak zirela berretsi dute.
hezurren-osineko-homininoak-neandertalen-lerrokoak
Hezurren Osineko duela 430.000 urteko gizaki baten hezur-hautsa. Hori erabili dute DNA nuklearra aztertzeko. Arg. Javier Trueba/Madrid Scientific Films
Max Planck Institutuko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikertzaileak elkarlanean egindako ikerketa da, eta Nature aldizkarian argitaratu dute artikulua.

Artikuluan gogorarazi dutenez, gizaki modernoa Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik hedatu zenean duela 75.000-50.000 urte, Eurasian beste bi giza talde bizi ziren, gutxienez: neandertalak eta denisovarrak. Neandertalen arrasto ugari badaude ere, denisovarrenak Altai mendi ingurura mugatzen dira Siberiaren hego-ekialdean). Alabaina, Asiako eta Amerikako jatorrizko populazioen genoman haien arrastoa aurkitu da, eta, beraz, badirudi garai batean hedatuago zeudela. Horregatik, ikertzaileek uste zuten Hezurren Osineko populazioaren DNA ezagutzea gako izan zitekeela garai hartako ikuspegia argitzeko.

Hezurren Osineko fisilak gako dira giza espeziearen eboluzioa ulertzeko. Arg. Javier Trueba/Madrid Scientific Films

Hala, Hezurren Osineko bi banakoren hezurretatik erauzitako DNA nuklearra eta haietako baten DNA mitokondriala aztertu dituzte. Ez da lan erraza izan, antzinako DNA hori oso degradatuta baitago. Gainera, gaur egungo gizakiok eragindako kutsadura ere kontuan hartu behar izan dute. Hala ere, ikertzaile nagusiak, Matthias Meyerrek adierazi duenez, "lan hori askoz ere zailagoa izango zen aztarnategian ez baziren hain kontu handiz aritu izan".

Azkenean, beraz, analizatutako banakoak neandertalen lerrokoak zirela ondorioztatu dute, eta baita denisovarrak eta neandertalak duela 430.000 urte baino lehenago banatu zirela ere.

Bestalde, DNA mitokondrialaren analisiak berriro ere denisovarrekiko gertuago zeudela erakutsi du. Hori azaltzeko, ikertzaileek iradoki dute gerora nahastuko zirela denisovarrekin, eta etorkizunean egingo diren ikerketen emaitzen zain geratu dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila