CAR-T zelulen bidezko immunoterapia emaitza itxaropentsuak ematen ari da minbizi batzuen aurka, azken urteotan. Hala ere, emaitza horietan alde handia egoten da gaixo batzuetatik bestera. Bada, alde hori, neurri handi batean, hesteetako mikrobiotaren eraginez izan litekeela ikusi dute Nature Medicine aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.
CAR-T immunoterapia bidez linfoma tratatu zitzaizkien 172 gaixoen mikrobiomak aztertu zituzten. Eta ikusi zuten terapiaren aurretik espektro zabaleko antibiotiko gogorrak hartu zituzten pazienteek mikroorganismo-aniztasun txikiagoa zutela eta tratamendurako emaitza okerragoak zituztela. Eta arrisku txikiko antibiotikoak hartu zituztenen edo antibiotikorik hartu ez zuenen artean, ikusi zuten Bifidobacterium longum bakterioaren maila altua zutenek emaitza hobeak zituztela immunoterapian.
Bestalde, lortutako datuak erabiliz ikasketa automatikoko algoritmo bat sortu zuten, immunoterapiaren eragina mikrobiotaren arabera aurreikusteko. Eta algoritmo horren arabera, Bacteroides, Ruminococcus, Eubacterium eta Akkermansia bakterioek dute eragin handiena immunoterapiaren arrakastan.
Elhuyarrek garatutako teknologia