Hegazti batzuek, oilaskoek adibidez, zakil arrunta dute enbrioi-fasean, baina heldutan duten organoa garatu gabea da. Orain, Florida Unibertsitateko ikertzaileek argitu dute zergatik gertatzen den hori, Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Azaldu dutenez, hegazti horien garapenean mekanismo genetiko bat jartzen da martxan, zakilaren garapena gerarazteko.
Zehazki, Bmp genearen kontrolpean dago mekanismo hori: genea aktibatzen denean, zakilaren buruan dauden zelulen heriotza-tasa areagotu egiten da, eta organoa txikitu egiten da. Bmp genea aktibatzen ez den espezieetan, berriz, organoaren garapena arrunta da.
Baina, zergatik galtzen dute oilaskoek zakila? Ikertzaileek galdera horri erantzun nahi izan diote, eta, haien arabera, badirudi galera horrek abantaila ematen diela oiloei, ugalketa kontrolatzeko ahalmen handiagoa baitute horri esker. Gainera, ikerketa malformazio batzuen kausak hobeto ulertzeko lagungarria dela ere esan dute.