Haumea planeta nanoak eraztun bat duela ikusi dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

haumea-planeta-nanoak-eraztun-bat-duela-ikusi-dute
Haumea planeta nanoaren irudikapen artistikoa. Arg. IAA-CSIC/UHU

Neptunoren orbitatik haratagoko gerrikoan dauden lau planeta nanoetatik ezezagunena, Haumea, aztertzeko aukera izan dute EHUko Zientzia Planetarioen taldeko kideek. Horretarako, izar-estaltze bat aprobetxatu dute: 2017ko urtarrilaren 21ean izar baten aurretik igaroko zela iragarri zuten, eta hamar behatokitako 12 teleskopio jarri zituzten hara begira.

Hala, planeta nanoaren forma, tamaina eta bestelakoak ezagutu dituzte. Adibidez, uste zutena baino handiagoa dela frogatu dute, eta ez hain trinkoa. Horrez gain, Eguzkiaren inguruan orbita bat osatzeko 248 ordu behar dituela ikusi dute, eta errotazio-abiadura izugarri handia duela: lau ordu eskas. Horren ondorioz, errugbi-baloi baten itxura du.

Harrigarriena, dena den, hauxe iruditu zaie astrofisikariei: eraztun bat du. Beste objektu txiki batzuen inguruan ere ikusi izan dituzte eraztunak, baina, hala ere, ezusteko bat izan dela aitortu dute ikertzaileek. Andaluziako Astrofisika Institutuak gidatu du ikerketa, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila