Botika berri iraultzaile bat sortzeko ez; Manchesterko ikertzaile-talde batek dirua jasoko du har baten eraginkortasuna ikertzeko. Ikusi dutenez, har hori gai da Staphylococcus aureus bakterioari aurre egiteko (medikuntzan harrak erabili izan dira orain baino lehenago).
S. aureus bakterioa oso erresistentea da antibiotikoen aurrean, eta, horren ondorioz, zaila da bakterioak infektatutako zauriak sendatzea. Diabetea duten gaixoek jasaten dituzten hankako ultzeren erantzule da, besteak beste. Ikertzaile-talde horrek egin zuen ikerketa batean ikusi zutenez, harrak 3-5 bider aplikatu ostean, 13 gaixotatik 12ri zauriak orbandu zitzaizkion.
Orain, harren eraginkortasuna ikusita, jasoko duten diruari esker, tratamendu desberdinak alderatuko dituzte. Gainera, jakin nahi dute nola egiten dion aurre harrak bakterioari: bakterioaren aurkako substantzia kimikoren bat jariatzen duen, edo, besterik gabe, bakterioa irentsi egiten duen.