Nafarroako Unibertsitate Publikoko telekomunikazio-ingeniari batek GPS kokapen-sistema erabiltzen duen aplikazio bat garatu du eskuko ordenagailuentzat. GPS sistema (Global Positioning System) satelite bidezko kokapen-sistema da, eta zerbait edo norbait Lurrean non dagoen jakiteko erabiltzen da. Kasu honetan, ordea, eremu txikiago batean kokatzeko, Arrosadiako campusean erabiltzailea kokatzeko, garatu du sistema ingeniariak.
Hain zuzen ere, PDA edo eskuko ordenagailu horrek, erabiltzailea non dagoen kontuan izanda, Arrosadiako campuseko landarediaren berri ematen du. Horretarako, Lurreko kokapen-koordenatu globaletatik lokaletarako itzulpena egiten du Miguel Campoyk garatutako aplikazioak.
Dudarik ez da bisita gidatuak egiteko aplikazio egokia lortu duela ingeniariak, landarediari buruzko informazioaz gain, beste edozein informazio erakutsi baitezake PDAk pantailan.