Glifosatoa beste hamar urtez erabiltzen jarraitzeko baimena eman du Europako Batzordeak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

glifosatoa-beste-hamar-urtez-erabiltzen-jarraitzek
Arg. Erich Westendarp / Pixabay

Europako Batzordeak berritu egin du glifosatoa, munduan gehien erabiltzen den herbizida, erabiltzeko baimena, hurrengo hamar urteetarako. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) eta Gai Kimikoen Europako Agentziak (ECHA) egindako segurtasun-ebaluazioetan oinarrituta hartu dute erabaki hori. 

Baldintza eta murrizketa berriak ezarri dituzte, hala nola lehorreko laboreetan uzta baino lehen erabiltzeko debekua eta helburu ez diren bizidunak babesteko neurriak hartzea. Eta gobernuek aukera izango dute beren herrialdeetan murrizketa gehiago ezartzeko edo erabilera debekatzeko.

Erabakiak askotariko erreakzioak eragin ditu komunitate zientifikoan. Izan ere, azken urteetan asko eztabaidatu da glifosatoa segurua ote den laboreetan erabiltzeko eta ingurumenean zer eragin duen. Ikerketa batzuek glifosatoaren eta zenbait minbiziren arteko erlazioa iradokitzen dute; beste batzuen arabera, berriz, jarraibideak ongi jarraituz gero, ez da kaltegarria kontsumitzaileentzat. Ikerketa asko egin dira glifosatoaren inguruan baina ez dago adostasunik.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila