Gizaki-txerri enbrioi kimerak sortu dituzte

gizakitxerri-enbrioi-kimerak-sortu-dituzte
Giza IPT zelulak txerri-enbroian injektatu dituzte kimera egiteko Arg. JC Izpisua

Salk Institutuko ikertzaileek gizaki-txerri kimerak sortu dituzte lehenengo aldiz. Ikertzaileek onartu dute zaila egin zaiela gizakion eta txerrien zelulak nahasian dituzten enbrioiak haztea, baina lortu dute. Giza zelula amak txerrien enbrioietan –blastozistoetan– sartu eta hazi dituzte. Cell aldizkarian argitaratu berri dituzte emaitzak.

Juan Carlos Izpisua ikerketaburuak esan du zientzialariek hamarkadak daramatzatela zelula ametatik abiatuta laborategian ehun eta organoak lortu nahian, baina emaitzak ez direla onak, zerbait gaizki egiten ari direla. Horregatik, beste bide bat hartzea erabaki dute: “Giza zelulak animalieta haztea pentsatu genuen, askoz ere emankorragoa delakoan”. 

Oraingoz, gizaki-txerri enbrioi kimerak lortu dituzte. Alegia, giza zelulek bizirik iraun dute txerrien enbrioietan. Enbrioi horiek txerri emeetan ezarri, eta hiru-lau astez garatzen utzi dituzte. “Hori nahikoa denbora da gizakien eta txerrien zelulak nola nahasten diren ikusteko, animalia heldu kimerikoek eragin ditzaketen kezka etikoak sortu gabe” –dio Izpisuak–. Eta argitu du ez dutela garuna sortzeko denborarik eman, inondik inora ere. Hiru edo lau asteko denbora-tarte horretan ez da garuneko giza zelulen aitzindaririk sortu. Giharretako zelulen eta beste organo batzuen zelulen aintzindariak ari ziren sortzen. “Helburua zen giza zelulak txerrietan bideragarriak ote ziren aztertzea. Orain badakigu baietz". Giza zelulak txerrietan organoak sortzera bideratu nahiko lituzkete ikertzaileek horrela, giza organoak sortze aldera, baina muga etiko eta legalak aurkitu dituzte parez pare.

Urtebeteko arratoi/sagu kimera. Kolore marroiak adierazten du arratoiaren ekarpena Arg. JC Izpisua

Aurretik, arratoi-sagu kimera sortu zuten Izpisuaren taldekoek, arratoien zelula amak saguen enbrioietan sartuz. Saguek arratoien organoak sor zitzaten, CRISPR editatzeko teknika erabili zuten: saguen enbroietan organo jakin bat sortzeko funtsezkoak diren geneak isilarazi zituzten; adibidez, bihotzekoak, pankreakoak eta begietakoak. Gero, saguetan injektatutako arratoien zelulek bazutenez isildutako genearen kopia funtzionala, arratoi-zelulek leku hori beteko zuten esperantza zuten zientzialariek. Espero bezala, arratoien zeluletatik garatu ziren saguen organo jakin horiek. Oraingoan ere, giza-txerri kimerak egiteko, teknika bera erabili dute.

Zailtasuna handiagoa izan da, noski, txerriakbost aldiz urrutiago baitaude ebolutiboki gizakietatik, saguak arratoietatik baino. Gainera, txerrien sabelaldia gurea baino hiru aldiz laburragoa da. “Giza zelulak azkarregi doan autopista batean sartzea bezalakoa izango litzateke” –dio Izpisuak–. Hortaz, txerrien garapen-fasearekin bat egiten duten giza zelulak sartu behar izan dituzte ikertzaileek.

Nolanahi ere, une hauetan debekatuta daude kimerak sortzeko ikerketak Estatu Batuetan eta Europan. Aurrera egitekotan, beste nonbait izan beharko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila