Giza geneak ezingo dira patentatu Estatu Batuetan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

giza-geneak-ezingo-dira-patentatu-estatu-batuetan
Arg. Elhuyar Zientzia.

Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak aho batez hartutako erabakiaren arabera, naturan dagoen DNA ezin da patentatu, bai ordea laborategian sintetizatutakoa. Clarence Thomas epailearen hitzetan, “berez sortutako DNA-zati bat naturaren emaitza da, eta isolatzeak ez du patentagarri egiten”; aldiz, molekula sintetikoak “ez dira naturan sortzen”, eta, ondorioz, patenta daitezke.

Erabaki horrekin, epaileek atzera bota dituzte Myriad Genetics konpainiaren patenteak. Konpainia horrek bularreko eta obarioetako minbiziarekin erlazionatutako geneen erabilera-eskubideak zituen; guztira, zazpi patente. Myriad 1994ean hasi zen patente horiek lortzen, eta, geroztik, haienak ziren minbizi-mota horiek diagnostikatzeko proben gaineko eskubideak.

2009an, Patente Publikoen Fundazioak (PubPat) eta Askatasun Zibilen aldeko Elkarte Estatubatuarrak (ACLU) epaitegietara jo zuten, patente horien aurka. Lehen epaiketan, 2010ean, epaileek elkarteei eman zieten arrazoia, baina konpainiak errekurritu egin zuen, eta gaia Auzitegi Gorenera iritsi zen. Oraingo epaia behin betikoa da, eta Myriadi eskubideak ukatzen dizkio.

Estatu Batuetan geneak patentatzea baimenduta egon da duela hiru hamarkadatik; giza genomaren % 20-40 patentatuta dago. Europan, 98/44/EC zuzentarauak gene isolatuak patentatzea baimentzen du, baina soilik tartean asmakizun edo berritasun bat bada, hala nola, aplikazio industrialerako moldatzea.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila