Giza garunaren garapenean aldeak aurkitu dituzte enbrioi ar eta emeen artean

Batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu du Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek, eta aldeak detektatu dituzte: emaitzen arabera, % 7 ingurukoa da desberdintasuna.

giza-garunaren-garapenean-aldeak-aurkitu-dituzte-f
Arg. Elhuyarren artxibokoa

Exetergo Unibertsitateko eta King’s College-ko ikertzaileek egin dute ikerketa. Genomaren 400.000 gune aztertu dituzte, 23 eta 184 egun arteko 179 enbrioien garuneko ehunetan (enbrioietatik 100 arrak ziren eta 79 emeak). Alde batetik, genomaren gune horien metilazioa neurtu dute ikertzaileek enbrioiaren garapen-fase ezberdinetan, eta, bestetik, elkarrekin alderatu dituzte enbrioi ar eta emeen emaitzak, bien artean alde esanguratsurik ba ote den ikusteko.

Metilazioa geneak isiltzeko mekanismo molekularra da: gene baten gune jakin batean metilo talde bat (molekula bat) gehitzen da, eta horrek genea ez espresatzea eragiten du. Genomaren espresioa erregulatzeko mekanismo epigenetiko nagusia da metilazioa, eta funtsezkoa da enbrioaren garapena gidatzen duten prozesuetan.

“Jaioaurreko aldia plastikotasun izugarriko garaia da —adierazi du ikerketaren zuzendari Jonathan Millek—; orduan zehazten dira garunean bizitza osoan zehar funtzio neurobiologikoa kontrolatuko duten egiturak. Fase horretan geneak nola aktibatzen diren jakitea lagungarria izan daiteke neurogarapenari lotutako zenbait asalduren jatorria ulertzeko, besteak beste, autismoa eta eskizofrenia”. Hain zuzen ere, asaldura horietako batzuk ugariagoak edo urriagoak dira gizon edo emakumeen artean, eta horregatik alderatu dituzte enbrioi ar eta emeen emaitzak (autismoak, adibidez, bost bider gehiago erasaten die gizonei).

Bi multzotan bil daitezke Britainia Handiko ikertzaileek Genome Research aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Batetik, ikusi dute 28.700 gune ingururen metilazio-maila aldatu egiten dela enbrioiaren garapen-fasearen arabera, eta joera orokorra metilazioa galtzekoa dela, garapenean aurrera egin ahala. Ikertzaileek aipatu dute neurogarapenean zeresana duten hainbat generen inguruan detektatu dituztela garapen-fasearen araberako metilazioaren aldaketa horiek.

Bestetik, enbrioi ar eta emeen emaitzak alderatuta, 8.000 gunetan baino gehiagotan aurkitu dituzte aldeak metilazioan. X kromosoman kokatuta daudenak alde batera utzita (enbrioi emeek bi X kromosoma dituztelako gertatzen baitira), gainerakoen baturak % 6,5eko aldea erakusten du enbrioi ar eta eme garuneko ehunen metilazio-patroian, garunaren garapen-prozesuan zehar.

Enbrioiaren sexuaren arabera bereiz metilatuta dauden guneetako batzuk autismoarekin eta eskizofreniarekin loturiko eremuekin bat egiten duten arren, ikertzaileek zuhur ohartarazi dute ikerketa-lana mugatua dela, enbrioiaren garapenaren lehen faseetako ehunak baino ez baitituzte izan eskura.

5.0/5 rating (1 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.