473 gene; horiek dira bakterio batek bizirik irauteko eta ugaltzeko behar dituen gutxieneko geneak. Hala frogatu du Craig Venterren taldeak, Science aldizkarian argitaratu duen ikerketan: Design and synthesis of a minimal bacterial genome. Laborategian sintetizatu dute bakterio hori, Syn3.0 deitu diote, eta bizitzaren oinarria ezagutzeko bidean lorpen garrantzitsutzat jo dute ikertzaileek.
Horren aurretik, 2010ean, Venterrek berak genoma sintetikodun lehen zelula egitea lortu zuen. Horretarako, Mycoplasma mycoides bakterioaren genoma sintetizatu zuen, eta gero Mycoplasma capricolum espezieko bakterio batean sartu zuen. Oraingoan, beste teknika bat erabili dute. Oinarrian, geneak kentzen joan dira, ezinbestekoak direnekin geratu diren arte. Venterrek onartu du ez dela gai izan 149 generen funtzioa identifikatzeko, baina, itxura denez, horiek ere nahitaezkoak dira bizirik irauteko.
Beste xehetasun batzuk ere eman dituzte. Adibidez, naturan ezagutzen den genomarik txikiena M. genitalium bakterioarena da (525 gene). Harekin alderatuta, Syn3.0 azkar ugaltzen dela aipatu dute ikertzaileek; izan ere, hiru ordu behar ditu bikoizteko, eta M. genitalium-ek, berriz, 18.
Garatutako teknikari esker, nahi diren moduko zelulak sortzeko pausoa eman dutela esan du Venterrek, hala nola sendagaiak edo erregaia ekoizten duten zelulak.
Elhuyarrek garatutako teknologia