Gaur banatu dira, Tabakaleran, aurtengo CAF-Elhuyar sariak

gaur-banatu-dira-tabakaleran-aurtengo-caf-elhuyar-
2015eko CAF-Elhuyar sarien irabazleak. Ezker eskuin, Antton Alberdi Estibaritz biologoa , Xabier Artaetxebarria Artieda ingeniaria, Enrique Hurtado Mendieta musika- ikertzailea, Edu Lartzaguren Urdangarin kazetaria eta Kepa Altonaga Sustatxa zoologo eta euskaltzain urgazlea. Arg. Iñigo Ibañez

Tabakaleran banatu dira aurtengo CAF-Elhuyar sariak. Xabier Artaetxebarria Artieda ingeniaria, Antton Alberdi Estibaritz biologoa, Edu Lartzaguren Urdangarin kazetaria eta Enrique Hurtado Mendieta ikertzailea izan dira irabazleak. Merezimendu Saria Kepa Altonaga Sustatxa zoologoari eman diote.

Zientzialari, kazetari eta dibulgatzaileen topaleku izan da Tabakalera. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egitean, kultura zientifikoa ere kulturaren parte badela nabarmendu nahi izan dute aurtengo CAF-Elhuyar sariek.

 

Hauek izan dira saridunak:

Dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria: “Zergatik gara onak?”, Xabier Artaetxebarria Artieda.

Egilearen tesian oinarritutako artikuluen saria: “Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarraren arrastoari jarraika”, Antton Alberdi Estibaritz.

Kazetaritza-lanen arloko saria: “Behi eta berriz” klonazioari buruzko erreportajea, Edu Lartzaguren Urdangarin.

Zientzia gizartean sorkuntza-beka: “Txalaparta digitala eta interaktiboa” izeneko proiektua, Enrique Hurtado Mendieta.

Elhuyarren Merezimendu Saria: Kepa Altonaga Sustatxa biologo eta euskaltzain urgazlea. Euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lan handia aitortu nahi izan zaio.

 

Zergatik gara onak?

Xabier Artaetxebarria Artieda telekomunikazio-ingeniar donostiarrak jaso du dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria. Altruismoaren inguruko hausnarketa egin du. Espezie bereko norbanakoen artean, eta baita espezie desberdinen artean ere azaltzen da portaera altruista, baina era berean, hautespen naturalaren aurka doala esan izan da. Zientzialarien artean dauden eztabaidak ekarri ditu gogora Artaetxebarriak artikuluan, altruismoaren jatorrian batez ere zein eboluzio-prozesuk eragiten duten argitzeko.

Arg. Elhuyar

Epaimahaiaren esanetan, egileak aukeratu duen gaia edonorentzat da erakargarria, eta, erabili dituen idazkera argia eta hizkuntza aberatsari esker, artikulu atsegina osatzea lortu du. Gaiaren inguruan dagoen eztabaida irudikatzeko, alde batekoen zein bestekoen arrazoiak modu egokian ekartzeko gai izan da.

Artaetxebarriak altruismoaz entzun zuen lehenengo aldia gogoratu du du saria jasotakoan. “Duela zazpi urte sari hau bera irabazi nuen beste artikulu batekin, eta gero UEUn hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten. Han ezagutu nuen EHUko irakasle bat, Arturo Elosegi, eta berak hitz egin zidan aurreneko aldiz Richard Dawkins-i buruz, artikuluan agertzen den protagonistetako bat. Gainera, ekintza altruista bat eginez, handik egun batzuetara etxera bidali zidan berak idatzitako liburu bat, justu CAF-Elhuyar sarietako 1. edizioan irabazle atera zen liburua: Sexua eboluzioaren motore. Atal batean altruismoaren jatorriaz hitz egiten zuen. Duela 7 urte ez nuen izan Arturori  eskertzeko aukera, eta orain eskertu nahi diot ekintza altruista hura”. 

 

 

Non hegoa, han zangoa

Antton Alberdi Estibaritz biologo elgoibarrak jaso du tesian oinarritutako artikuluen saria, “Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarraren arrastoari jarraika” lanarekin.

Arg. Elhuyar

Hala dio Alberdik bere lanean: “Hegan egitea gustatuko litzaiguke, ur azpian arnastea, ilunpean ikustea, hotzik ez pasatzea… baina ezin dugu. Naturan, norberaren nahiek eta ametsek mugak dituzte, eta muga jakin batzuen barruan bizi gara bizidun guztiok. Baina horrexegatik goza dezakegu gure inguruko biodibertsitateaz, bizidun bakoitzak bere txokoa –bere nitxo ekologikoa– betetzen duelako naturako baldintza-ugaritasunaren handitasunean. Izaki bizidunen nitxo ekologikoak ezagutzea da biologiaren oinarrietako bat”. Alberdik saguzar belarrihandi alpetarraren ekologiaren eta eboluzioaren inguruan egin du doktore-tesia.

Epaimahaiak adierazi du primeran dagoela idatzita sarietara aurkeztu duen lana, alderdi teknikoenak ere garbi esplikatzen dituela, konplexuak diren arren. Erantsi dituen irudiak ere oso lagungarriak eta aproposak ikusi ditu informazioa modu ulergarri eta erakargarrian helarazteko. Azkenik, oso ondo azaltzen omen du bere ikerketak zer ekarpen egin dion gaiari.

Alberdik ikerketa-beken araudian aldaketak aldarrikatzeko aprobetxatu du ekitaldia. Haren hitzetan,  bere bikote Ostaizka Aizpurua biologoak eskatu behar izan zuen, haurdun zegoela,  Eusko Jaurlaritzari eskatutako ikerketa-beka baten elkarrizketa-eguna aldatzeko, printzipioz justu egun horretan zuelako erditzeko eguna. Haien erantzuna ezezkoa izan zen. Orain biak Dinamarkan daude beste beka batekin. Berriz horrelakorik gerta ez dadin, hurrengo deialdirako araudia alda dezatela eskatu du.

“Nire ustez, ikerketa eta dibulgazio zientifikoa disoziaezinak dira” -gaineratu du Alberdik. Horregatik, diru-laguntza deialdietan, ikerlariek dibulgazioan egiten duten lana baloratzeko eskatu du. Eta ahal den heinean, ikerlariak dibulgazioa egitera bidera ditzatela, “guztiok ere sentitu dezagun dibulgazioa ikerketaren parte dela”. 

 

Behi eta berriz

Edu Lartzaguren Urdangarin kazetariak jaso du Kazetaritza-lanen arloko saria, Berria egunkarian argitaratutako “Behi eta berriz” klonazioari buruzko erreportajeari esker.

Edu Lartzaguren Urdangarin Arg. Elhuyar

Hala hasi du artikulua Lartzagurenek: “Klonazioa laborategitik lantegira pasa nahi dute Txinan, eta prozesu industrial arrunta bihurtu. 2020rako, klonaturiko miloi bat behi ekoitzi nahi dituzte urtero. Beste animalia batzurekin osatuko dute produkzio katea, eta dena prest daukate, nazioarteko gizartea gertu dagoenerako, gizakia katalogora gehitzeko.”

Epaimahaiaren arabera, ikuspuntu original batetik heldu dio gaiari, alderdi ekonomiko-pragmatikotik enfokatu baitu. Erreportajea osatzeko, adituak elkarrizketatu ditu; horrek lanaren balioa areagotzen du. Bestalde, tonu arina eta irakurrerraza erabili du, eta hizkuntza aberatsa. Izenburutik bertatik kateatzen du irakurlea.

Hala adierazi du Lartzagurenek saria jaso duenean: “Klonazioa ez da etorkizuneko kontu bat. Dagoeneko gauza guztiz arrunta da. Gizakia klonatzeko ere, sistema guztiak prest dituzte. Zientzia fikzioa dirudi, baina, oraintxe, dena prest dago hori egiteko. Oraindik ez dute gizaki bat klonatu, mundua ez dagoelako filosofikoki edo etikoki prestatuta. Nahiz eta teknikoki prest izan, kontrako erreakzio baten beldur dira ikertzaileak. Baina egingo da… egiteko arrazoi on bat topatzen dutenean”.

 

Txalaparta digitala eta interaktiboa

Arg. Elhuyar

Komunikabideak ez dira zientzia gizarteratzeko bide bakarrak. Hain zuzen ere, hori erakusten dute Zientzia gizartean sorkuntza-beka kategoriako proiektuek. Aurten, Enrique Hurtado Mendietak aurkeztutako “Txalaparta digitala eta interaktiboa” proiektuak irabazi du. EHUko Arte eta Teknologia sailean egin du doktore-tesia, hain zuzen ere ordenagailuz sortzen den musikaren ikuspegitik txalaparta ikertzeko helburuarekin.

Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako proiektua landua da, ondo zehaztuta dago, eta egingarria da. Txalapartan oinarrituta dago; musika-tresna ezaguna denez, interesa piztu dezake jende askorengan, ez txalapartarien artean soilik, eta, gainera, aplikagarria da beste eremu batzuetan ere. Bestalde, teknologia librea erabiltzeak asko laguntzen du gizarteratzean; beraz, alde horretatik ere, guztiz bat dator bekaren helburu eta irizpideekin. Bukatzeko, aipatzekoa da proiektuaren egilea teknologiatik abiatuta iritsi dela tradiziora, eta, aldi berean, teknologia darabilela tradizioa etorkizunerako bidean jartzeko.

“Beka honen bidez, doktore-tesian egindako ikerketa txalapartarien artean gehiago zabaltzea gustatuko litzaidake. Txalapartan aritu den jende asko baitago hemen, eta erakargarria da jendearentzat orokorrean”. 

 

Elhuyarren Merezimendu Saria

Elhuyar Fundazioaren Patronatuak ematen du Merezimendu Saria. Aurtengoa Kepa Altonaga Sustatxa biologo bizkaitarrak jaso du, eta, sariaren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortu nahi izan dio. 

Loiun jaioa, Altonaga 1980an biologian lizentziatu zen eta handik gutxira hasi zen Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Zientzi Fakultatean. Ikerketa-arloan, bare eta barraskiloen gorabeherak aztertu ditu urte luzez. Udako Euskal Unibertsitateko kide eta 1992tik 95era zuzendari ere izandakoa, 2003.an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Kepak ongi ezagutzen ditu CAF-Elhuyar sariak ere, maiz izan baita saridun. Hirutan irabazi du dibulgazio-liburuen saria (1996an, 1999an eta 2003an) eta horien emaitza dira honako saiakerak: Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan, Armand David, pandaren aita eta Etxepare Aldudeko medikua. Horietaz gain, beste hainbat saiakera idatzi ditu, esaterako: Darwin geurean (2010ean argitaratua eta Juan Zelaia saria jasotakoa) edo Back to Leizarraga (2015ean argitaratua).

Keparen produkzioa, zientifikoa ez ezik, literarioa ere bada beraz; handia eta kalitate gorenekoa. Altonagak bere ibilbide profesionalean idatzitako saiakera, lan eta artikuluengatik, bere zorroztasunagatik eta euskararen arloan egindako ekarpenagatik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak, 2015eko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria eman dio.

Arg. Elhuyar

 

Altonagak umoretsu hartu du saria. “Poz handia dut, ikusita nire lana estimatua dela. Baina sariaren berri izan nuenean esan behar dut piskat durduturik geratu nintzela, pentsatuta ni… gaztea naizela. Baina balio izan zuen, bi-hiru egun pasatuta, denbora joanaren kontzientzia hartzeko”.

Atzera begiratuta, onartu zuen Elhuyar, beretzat eskola izan zela. “Han humus egoki bat aurkitu nuen hazteko, atmosfera egokia arnasteko”. Hala ere, Elhuyarrek erabiltzen duen euskarari buruz hausnatzeko aprobetxatu zuen: “Uste dut hegaldi domestikoak ondo daudela, eta horretarako lortu dugun eredu linguistikoarekin nahikoa dela, eroso egon gaitezkeela. Baina segun zer nolako hegaldiak egin nahi ditugun euskaraz, hegaldi transozeaniko horietarako, beste paradigma baten beharrean gaudela deritzot”.

 

Ezagutuz aldatzea

Izarren hautsa kanta ere izan da egunaren beste protagonistetako bat. Ezagutuz aldatzea. Xabier Leteren hitzak gogoratu dituzte ekitaldian, “ezagutuz aldatzea” baitute helburu Elhuyarrek eta han elkartutako ikertzaile eta dibulgatzaileek ere.

Aurtengo CAF-Elhuyar sarien leloa "Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde!" izan da, eta aurreko urteetako irabazleei galdetu diegu ea zer den, haientzat, kultura zientifikoa.

Sariak banatu ondoren ere jarraitu du festak. Hara gerturatutakoek lagun artean hitz egiteko eta mokadutxo bat jateko aukera izan dute. Hurrengo urtean izango dugu berriz zita!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila