Cell zientzia-aldizkariak mikroskopia-teknika berri baten albistea eman du, lehenengo aldiz garuneko eremu bateko zelula guztiak ikusteko aukera ematen duena. EHUk eta Achucarro neurozientzien ikerketarako euskal zentroak Bordeleko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa baten emaitza da.
Garuneko ehun biziak ikertzeko garaian, orain arteko mikroskopia-metodoek bakarrik aurrez markatutako zelulak ikusteko aukera ematen zuten. Muga teknikoen ondorioz, ezin ziren garuneko eremu jakin bateko zelula guztiak etiketatu, eta horrek asko baldintzatzen zuen garunaren ikuspegia: ezin zen ikusi nola antolatzen diren eta nola jokatzen duten garuneko zelulek. Espazio asko txuriz azaltzen ziren mikroskopiako irudietan.
Orain, SUSHI mikroskopia-teknika berriaz (ingelesezko “Super-resolution Shadow Imaging”-ren akronimoa), zientzialariek erraz etiketatu dezakete garuneko zelulak inguratzen dituen espazioa, likidoz betea, eta ez dute banan-banan zelula guztiak markatzen aritu beharrik. Hala, mikroskopioan jarritako garun-eremuko zelula guztiak eta haien arteko interakzioak ikusi ahal izango dira. Bereziki interesgarria da hori, garuneko gune estrazelularrak egitura bereziki konplexua baitu, eta bere funtzioa fisiologikoki garrantzitsua den arren, bere egitura eta dinamika aztertzea oso zaila izan baita orain arte.