Garunean energiaren ekoizpena nola erregulatzen den argitzen laguntzen duen ikerketa bat argitaratu dute EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Nagore Puente eta Pedro Grandes neurozientzialariek Nature Neuroscience aldizkarian.
Ikerketa horretan, garuneko cannabinoide-errezeptore nagusia identifikatu dute neuronetako mitokondrioetan, CB1 errezeptorea, hain zuzen ere. Ezustekoa izan da, leku horretan hori egotea ezinezkotzat jotzen baitzuten adituek. Eta ez hori bakarrik. Ikerketak, horrez gain, azaldu du CB1 errezeptoreak funtsezko zeregina daukala mitokondrioen jarduera nagusiaren erregulazioan: energia-ekoizpenaren erregulazioan.
Giza garunak, gorputzaren guztizko pisuaren % 2 bakarrik izan arren, organismoak ekoitzitako energiaren % 20 kontsumitzen du. Garuneko energia hori mitokondrioak hornitzen du, eta, zelula guztietan bezalaxe, mitokondrioa funtsezkoa da zelulek, kasu honetan neuronek, jarduteko eta bizirauteko. Gertatzen dena da, neuronetako mitokondrioak txarto funtzionatzen badu, garuneko ondorioak larriak izan daitezkeela.
“Ameriketako Estatu Batuetan egin zen biltzar batean, Bordeleko Unibertsitateko Marsicano doktoreak eta nik pasilloan izan genuen elkarrizketa bat izan zen ikerketa horren guztiaren hasiera. Zientzian, batzuetan, horrela sortzen dira ideiak”, kontatu du Grandesek.