Hipokanpoa dugu animaliok gure burua espazioan kokatzeko sistema. GPSaren modura jokatzen du, garunean espazioaren nolabaiteko mapa erregistratuta. Zientzialariek identifikatuta dute zein neuronak laguntzen dioten organismoari bere kokapen espaziala argitzen, baina, orain arte, ez zekiten nola jarraitzen dien garunak beste animalien arrastoari. Oraingoan, saguzarrekin egindako esperimentuetan lortu dute identifikatzea zein diren espezie bereko beste animalien kokapena erregistratzen duten garuneko zelulak. Neurona horiek gako izan daitezke, hortaz, interakzio sozialetarako, behaketa bidez ikasteko edo taldean nabigatzeko, esaterako.
Esperimentuan, beste kide baten hegaldiari begira jartzen zituzten saguzarrak. Kideak bi bola zeuzkan aukeran lur hartzeko. Gero, begira egondako saguzarrak hegalaldi bera egin behar zuen, saria jaso nahi bazuen. Ikertzaileek ikusi dute kide bati begira egon edo objektu mugikor bizigabe bati begira egon, desberdina dela aktibazio neuronala. Hortaz, neurona jakin batzuek kognizio sozial-espaziala dutela iradoki dute.
Ikertzaileen arabera, ikerketok lagunduko dute hobeto ulertzen nola prozesatzen dituen hipokanpoak lokalizazioak eta oroimen espaziala.
Elhuyarrek garatutako teknologia