Gantz-zelulek jariatutako proteina batek eragina izan dezake prostatako minbizian

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gantz-zelulek-jariatutako-proteina-batek-eragina-i
Prostatako minbizi-zelulak. Arg. Erresuma Batuko Prostatako Minbiziaren Elkartea

Tolosako Unibertsitatean (Frantzia) egindako ikerketa batek erakutsi duenez, gantz-zelulek jariatzen duten proteina batek eragin zuzena du prostatako minbiziaren garapenean. Lehendik ere, hainbat ikerketak iradokitzen zuten erlazioa dagoela obesitatearen eta prostatako minbiziaren agrebisibitatearen artean; orain, horren atzean dagoen mekanismoa argitu dute.

Nature Communications aldizkarian argitaratu dute lana. Azaldu dutenez, gakoa prostataren inguruko gantz-ehuneko adipozitoek jariatzen duten proteina bat da, CCL7 izeneko kimiokina. Kimiokina hori prostatako minbizi-zelulek espresatzen duten CCR3 errezeptorera lotzen da, eta horrek minbizi-zelulak migratzea eta hedatzea ekartzen du.

Ikerketa zeluletan eta saguetan egin badute ere, ikertzaileek adierazi dute gizakiek ere jariatzen dutela proteina hori, eta badutela errezeptorea. Are gehiago, gizakien prostatako minbizia duten pertsonen laginak aztertuta, baieztatu dute CCR3 errezeptorea dutenen minbizia gaiztoagoa dela besteena baino.

Beste gauza bat ere frogatu dute, ordea: CCL7 kitokina eta CCR3 errezeptorearen arteko lotura oztopatzen bada, hedapena gelditu egiten da. Horrenbestez, aurreratu dute ikerketa baliagarria izan daitekeela prostatako minbiziaren aurkako tratamendu berriak bilatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila