Gaixotasun zeliakoarekin lotutako gene bat identifikatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

EHUko ikertzaileek parte hartu duten nazioarteko ikerketa batean ikusi dute RNA ez kodetzaile batek (lncRNA) eragina duela gaixotasun zeliakoa duten pertsonetan. Gainera, lncRNA horrek gaixotasun zeliakoa izateko arrisku-faktorea den aldaera bat du, eta horrek eragina areagotu dezakeela ondorioztatu dute ikertzaileek.

gaixotasun-zeliakoarekin-lotutako-aldaera-genetiko
RNA ez kodetzailearen aldaera bat gaixotasun zeliakoarekin lotuta dagoela erakutsi du ikerkretak. Arg. Sankar Gosh/Science

Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Haren arabera, populazioaren % 40k du gaixotasun zeliakoarekin lotutako genearen aldaera, baina %1k baino ez du garatzen gaitza. Horren atzean egon daitezkeen arrazoiak ezagutu nahian, ikertzaileek RNA ez kodetzaileari jarri diote arreta.

Ainara Castellanosekin batera ikerketan parte hartu duen EHUko ikertzaile Jose Ramon Bilbaok azaldu du horren zergatia: “Azken urte hauetan egindako asoziazio genetikoko ikerketetan gaixotasunak pairatzeko arriskuarekin lotutako aldaera genetiko pilo bat aurkitu dira, baina gehien gehienak genoma ez kodetzailean (edo genoma zaborrean) kokatuta. Aldi berean, genoma ez kodetzaile horretan elementu erregulatzaile desberdinak aurkitzen joan gara (RNA ez kodetzaile mota desberdinak, alegia)”.

Orain egin dituzten esperimentuetan, gaixotasun zeliakoarekin erlazionatutako gene ez kodetzaile bat aurkitu dute: “lncRNA bat da, lnc13 izena duena”, zehaztu du Bilbaok. Haren funtzioa aztertu dute, eta ikusi dute gaixotasun zeliakoa garatzearekin lotutako geneen espresioa apaltzen dutela. Zeliakoetan, baina, lnc13 oso gutxi dago. "Horren ondorioz, hesteetako hantura eragiten duten geneen espresioa areagotuta dago. Gainera, zeliakoetan ohikoago den aldaera genetikoak erregulazio ahalmena murritzagoa dauka, eta horrek inflamazioa bultzatzen du", esplikatu du Bilbaok.

Ikertzailearen esanean, “lan honek RNA ez kodetzaile baten erregulazio funtzioa zehatz mehatz azaltzen du, eta gaixotasun arrunt batekin lotzen du, gainera. Dimentsio berri oso bat zabaltzen da, ikerketa lerro berria, non genoma ez kodetzaileetako aldera genetikoen funtzioa ikertuz, gaixotasunen garapena ulertuko dugun eta agian itu terapeutiko berriak aurkituko diren”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.