Etxe barruko biomaren eboluzioa ezagutzeko bidean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Orain arte, zientzialari gutxik erreparatu diote etxe barruko biomasaren bilakaera ebolutiboari. Alabaina, lurzoruaren % 5 inguru hartzen du eraikinen barruko azalerak (koniferoen baso subtropikalen pare), eta ikertzaileak hasiak dira azalera horretan dauden bizidunen eboluzioari erreparatzen.
etxe-barruko-biomaren-eboluzioa-ezagutzeko-bidean
Ohe-zimitz bat. Gizakiak kobazuloetan bizitzen hasi zirenean etxekotu zutela uste dute ikertzaileek. Arg. Piotr Naskrecki/CDC/Jabego publikoa

Hala, arlo berri horretan egin diren ikerketen azterketa bat argitaratu du Trends in Ecology&Evolution aldizkarian. Estatu Batuetako, Finlandiako, Txileko eta Danimarkako ikertzaile-talde batek egin du artikulua, eta hainbat alderdi hartu dituzte aintzat, bereziki, etxe barruetan azaltzen diren espezieen ezaugarriak, nola sortu ziren, zein diten hautespen-presioak, zer eragin duten espezie horietan gure aldaketa kulturalek...

Besteak beste, egileek aipatu dute kobazuloek gure etxeen antza handiagoa dutela, primateen habiena baino. Hortaz, badirudi kobazuloak bizileku izaten hastearekin batera hasi zirela egokitzen espezieetako batzuk barruan bizitzera. Adibidez, hipotesi batek dio orduan iragan zirela ohe-zimitzak saguzarretatik gizakietara.

Egileen esanean, munduan askotariko kulturak badaude ere, etxe barruko kondizioak nahiko antzekoak dira toki gehienetan, eta horretan eragin handia izan dute azken urteotako aurrerapen teknologikoen hedapenak. Horren ondorioz, leku bateko eta besteko etxe barruetako espezieak ez dira uste daitekeen bezain desberdinak. Gainera, askok antzeko ezaugarriak dituzte: gorputz zapalak, antena luzeak, ikusmen mugatua, elikagai edo ostalaririk gabe bizirauteko gaitasun handia...

Nolakoak ez ezik, zenbat espezie diren ere neurtu dute. Esaterako, Ipar Karolinako 40 etxetan, 8 000 bakterio eta arkea baino gehiago zenbatu zituzten, Beste 50 etxetan, 750 artropodotik gora aurkitu zituzten, eta, askotan, etxe berean 100 artropodo-espezie baino gehiago zeuden.

Eragileak eta joerak

Hautespen-presioei dagokienez, ikertzaileek nabarmendu dute intsektizidekiko eta karraskarien aurkako pozoiekiko erresistentzia garatu dutela espezie askok. Gainera, garbitasunaren ideia aldatzen doan heinean, aldagai berriak agertzen doaz. Adibidez, garbitasuna mikroorganismorik ez egotearekin lotu denetik, industriak mikroorganismoak hiltzen dituen garbigarriak eskaini ditu. Egileen ustez, antibiotikoekiko erresistentziak areagotzea ekarri du horrek.

Horrez gain, iruditzen zaie etxebizitza ekoeraginkorrak egiteko joerak ere eragingo duela hautespenean. Izan ere, eraginkortasuna areagotzeko, kanpoaldea eta barrualdea komunikatzen dituzten zirrikituak itxi behar dira; horrek are gehiago bereizten ditu etxe barruko ingurunea eta kanpokoa.

Nolanahi ere, ikertzaileek ondorioztatu dute, arlo berria denez, oraindik asko dagoela ikertzeko. Haien iritziz, gainera, interesgarria da ikerketetan sakontzea, erlazioa baitute gaur egungo osasun-arazo jakin batzuekin, hala nola asma, alergiak... Bukatzeko, horretarako herritarren zientzia tresna erabilgarria izan daitekeela iradoki dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila