Estresak minbizia hedatzea eragiten du, sistema-linfatikoaren bidez. Ondorio horretara iritsi da nazioarteko ikertzaile-talde bat, saguekin egindako ikerketa batean. Estres kronikoak hodi linfatikoen kopurua eta diametroa handitzen duela ikusi dute, eta horrek minbizi-zelulak hedatzea errazten duela. Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Estresak minbizia azkarrago hedatzea eragiten duela eta hilkortasuna handitzen duela iradokitzen duten hainbat ebidentzia daude. Bestalde, ikusi izan da estresak odol-hodiak ugaritzea eragiten duela ere, eta hori minbizia hedatzeko bide bat da. Beste bide bat sistema linfatikoa da, eta orain frogatu dutenez, hor ere eragiten du estresak.
Lan berri honetan ikusi dute estresaren hormonek hodi linfatikoak ugaritzea eragiten dutela saguetan, eta hodi horietako fluxua areagotzen dela. Horrez gain, ikusi dute saguetan estresaren hormonen errezeptoreak farmakologikoki blokeatzen direnean, minbiziaren hedapena murriztu egiten dela. Hala, ikertzaileek iradoki dute estresa tratatzea garrantzitsua izan daitekeela minbizi-zelulak hedatzea saihesteko.
Elhuyarrek garatutako teknologia