Energiaren egoera munduan, orain eta etorkizunean

Nazioarteko Energia Agentziak 2004ko Energiaren Munduko Txostena plazaratu du. Txosten horretan, 2030ean energiaren egoera munduan zein izango den aurreikusten da. Txosten oso zabala da —600 orri ditu—, eta analisi oso zehatza egiten du.

Egoera, oro har, nahiko baikorra izango omen da: Lurrak behar adina energia iturri du hurrengo hamarkadetako beharra asetzeko, eta petrolioa ez da oraindik agortuko. Baina alde ilunik ere bada; izan ere, petrolioaren eta gasaren prezioek gora egingo dute, eta horien hornidura kolokan jar dezakete arazo politikoek; eta, are eta larriagoa dena, eskaera handitu egingo da. Hala, zenbait herri hornitzailerekiko menpekotasuna hazi egingo da.

Energiaren eskaera, oro har, % 59 igoko omen da munduan 2030erako. Eta igoko den horren % 85 atmosferara karbono-konposatuak igortzen dituzten energia-iturriak izango dira: ikatza, petrolioa eta gas naturala.

Pentsatzekoa denez, garatze-bidean dauden herrien energia-eskaera haziko da gehien, Txinarena eta Indiarena batez ere. Herri horietan ikatza izango da energia-iturri nagusia.

Noski, gobernuek energia-kontsumoa gutxitzeko neurriak har ditzakete, eta teknologia berria garatzea bultzatu. Eta txosteneko iragarpenak neurri horiek kontuan izan gabe daude eginda. Dena dela, neurri horiek hartuz gero, egoera guztiz aldatuko litzatekeela argitzen da txostenean, eta horretara iristeko ezinbestekoa dela teknologia berriak garatzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila