Gernu-ihesak emakume adindunen % 15i eragiten dio, baina lautik batek bakarrik eskatzen du osasun laguntza, eta arazoa jada larria denean egiten du hori. Manuel Montesino Semperrek, Bideko Ama Birjina Ospitaleko urologia ataleko buruak, bere doktoretza tesian aztertu du arazo hori gainditzeko interbentzio kirurgikoek zer kostu ekonomiko dakarten Nafarroako osasun publikoan. "Kostuak eta pazienteen bizi-kalitatean lortzen diren hobekuntzak alderatzen direnean --azaltzen du--, ondorio honetara iristen gara: osasunaren ekonomiaren ikuspuntutik, kostu eraginkorrekoak dira; hau da, errentagarriak dira gizartearen ikuspegitik, kostu erlatiboki baxuarekin onura nabarmenak lortzen baitira bizi-kalitatean".
Gernu-ihesak gernua nahi gabe ateratzea dakar. Emakume adindunen kasuan, bizi-kalitatearen galera nabarmena dakar, eta artatzen dituzten urologo edo ginekologoentzako erronka handia da. Montesino doktoreak dioenez, "batzuetan ezkutatzen den eta tabua den arazo honek, kostu ekonomiko handiak ekartzen ditu osasun zerbitzuentzat eta pazienteentzat berentzat, ukiezinak diren beste kostu batzuez gain: esaterako, eragin dezaketen segurtasun-gabezia edo antsietatea".
Gernu-ihes mota batzuk, ahalegin fisikoarekin sortzen direnak eta txiza egiteko premiarekin edo beharrarekin lotzen ez direnak, ebakuntza bidez tratatu beharrekoak dira. Irtenbide gisa, gaur egun, uretran (gernua maskuritik ateratzen den bidean) jartzen diren sare txikien formako gailu artifizialak erabiltzen dira. Gailu horiei esker, guneari hobeki eusten zaio eta hobeki finkatzen da, eta uretra hobeki ixten da.
Azterlan honetan kontuan hartu diren kostuak lehenbiziko kontsulta egiten denetik ebakuntzatik urtebetera egiten den errebisiora bitartekoak dira, eta 1.250 euro ingurukoak dira paziente bakoitzeko.
Ebakuntzaren kostu ekonomikoa aztertzeaz gainera, ebakuntza egin dieten emakumeen bizi-kalitatearen hobekuntza ere balioetsi da, eta azkenik, bi parametroak erlazionatu dira. "Ondorioa da, osasunaren ekonomiaren estandarren ikuspuntutik, kostu eraginkorrekoak direla; hau da, errentagarriak direla gizartearen ikuspegitik, kostu erlatiboki baxuarekin, onura nabarmenak lortzen baitira bizi-kalitatean".
Azterlanean 69 pazienteren emaitzak aztertu dira galdetegien bidez. Bata gernu-ihesari buruzkoa eta bestea osasun orokorrari buruzkoa, eta bi galdetegiek daukate nazioarteko aitorpena eta balioespena.