Elgorriaren birusak zuzenean infekta ditzake immunologia-sistemaren zelulak, Minnesotako (AEB) Mayo Klinikako ikertzaileek frogatu dutenez.
Orain arte, zientzialariek uste zuten lehenik arnasbideak estaltzen dituzten zelulei egiten ziela eraso birusak, eta horietan ugaldu ondoren infektatzen zituela linfozitoak, immunologia-sistemaren zelulak. Beste azalpen bat zen birusak sistema linfatikoaren zelulen bitartez egiten zuela eraso.
Elgorriaren birusak organismoa nola infektatzen duen argitzeko, arnasbideetako zeluletara lotzeko ahalmenik ez duten birusak sortu dituzte Mayo Klinikako ikertzaileek. Gero, laborategiko tximinoei eman dizkiete sudurretik, eta ikusi dute gaixotu egiten direla. Horrela, birusak ez duela arnasbideetako zelulak infektatu beharrik frogatu dute.
Ikerketak minbiziaren aurkako tratamenduak hobetzeko balio dezake. Izan ere, tratamendu batzuetan elgorriaren birus eraldatuak erabiltzen dira, eta ikertzaileek bide berriak proba ditzakete orain.