Helena Dias Daviden “Ozeanoetako arriskuak” eta Aitor Larrañaga Esparteroren “Besarkada birsortzailea” argazkiek jaso dituzte EHUko Ikerketako Zerbitzu Orokorrak (SGIker) antolatutako Argazki Zientifikoen V. Lehiaketako bi sariak.
Bbiziaren zientzien arloko kategorian jaso du saria lehenengoak, eta, materialen teknologia eta zientzietako kategorian bigarrenak. Mikroskopio bidez egindako argazkiak saritzen ditu lehiaketak, eta aurtengo edizioan 61 argazki aurkeztu dituzte 37 ikertzailek. Epaimahaiak, "irudien ikusgarritasuna, zailtasun teknikoa, emaitza zientifikoa, originaltasuna eta estilo didaktikoaga" nabarmendu ditu saritutako lanetan.
Saritutako argazkiez gain, sariketara aurkeztu diren 61 argazkiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean.
Ostreopsis generoko mikroalgei mikroskopio konfokalaren teknika erabilita egindako argazkia da Diasena. Itsas mikroalga horiek (70-90 µm) “ederrak bezain arriskutsuak dira”, dio Dias-ek deskribapenean, giza osasunarentzat kaltegarriak diren toxinak baitituzte. Mikroskopio konfokalaren teknikari esker, kanpoko azala osatzen duten plakak eta barruko organuluak ikus litezke, eta alga identifikatzeko bidea ematen du horrek.
Larrañagarena, berriz, ekorketazko mikroskopio elektroniko (SEM) baten bidez hartutako argazkia da. Hiru mikratako polimero-zuntz biodegradagarriak erakusten ditu argazkiak, elkarri lotuta. Mikrozuntz horien bidez kolageno-zuntzak imitatzea da helburua, eta kaltetutako giza ehun eta organoak birsortzeko matrize gisa erabili ahal izatea egunen batean.