Kaliforniako Unibertsitateko eta Washingtongo Carnegie Institutuko astronomoek beste 15 exoplaneten berri eman dute duela gutxi; horiek kontuan hartuta, guztira 90 inguru ezagutzen dira. Hala ere, horietatik bat da bereziki astronomoen arreta bereganatu duena, Jupiterrekin parekotasun handia duelako.
Orain arte ikusi diren sistema-planetek ez dute eguzki-sistemaren antz handirik: exoplanetak oso handiak dituzte eta beren eguzkitik hurbil orbitatzen dute. Interesa piztu duen exoplaneta hori, ordea, Jupiter baino lau aldiz handiagoa da, eta 55 Cancri bere izarretik 5,5 astronomia-unitateko (AU) distantziara dago; hau da, Jupiter Eguzkitik baino zertxobait urrutirago (kontuan hartu behar da AU bat Lurraren eta Eguzkiaren arteko batez besteko distantzia dela eta Jupiter eta Eguzkiaren artean 5,2 AU daudela).
Bestetik, Jupiterren eta exoplaneta horren orbitek ia berdin irauten dute. Beraz, 55 Cancri izarraren sistema urruti egon arren, eguzki-sistemaren antz handia du. Parekotasuna, ordea, hortxe bukatzen da, planeta erraldoi horretaz gain, izarretik hurbil beste bi planeta handi baitaude; horietako bat 0,12 AUra besterik ez, eta bestea 0,24 AUra.