Ebolari aurre egiteko antigorputz eraginkorrak aurkitu dituzte

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

ebolari-aurre-egiteko-antigorputz-eraginkorrak-aur
Arg. UNMEE/CC-BY-SA

Ebolari aurre egiteko antigorputz oso eraginkorrak isolatu ditu nazioarteko ikertzaile talde batek, 1995eko Kikwiteko (Zaire) izurritik bizirik ateratako pertsona baten laginetik. Gaur Science aldizkarian argitaratu dutenez, tximinoekin egin dituzten probetan oso emaitza onak lortu dituzte, baita tratamendua birusarekin infektatu eta bost egunetara hasita ere.

1995eko izurritik bizirik ateratako pertsona horren lagina, 11 urte beranduago hartu zen. Beraz, ikertzaileek atera duten lehen ondorioa da antigorputz horiek 10 urte baino gehiago iraun dezaketela gorputzean. Eta ikusi dute lagin horretatik ateratako hiru antigorputz gaur egun gizakietan probatzen ari diren Zmapp izeneko antigorputz-konbinazioa baino %25 eraginkorragoak direla, birusari lotzeko garaian.

Hiru horietatik bi indartsuenak hartu zituzten, makakoetan probatzeko. Infektatu eta hurrengo egunean makakoei bi antigorputzak batera emanda, makakoak ez ziren gaixotu. Eta infektatu eta bost egunera bi antigorputzetako bat bakarrik emanda ere, antzeko emaitzak lortu zituzten. Beraz, itxaropena dute tratamendu benetan eraginkorra izan daitekeela, gaitza tratatzen berandu hasten den kasuetan ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila