Ebolaren aurkako txerto eraginkorra lortu dute, azkenik

Osasunaren Mundu Erakundeak eman du Gabonetan albiste itxaropentsua: rVSV-ZEBOV izeneko txertoak eraginkortasun handia erakutsi du ebolaren aurrean. Ginean egindako saioek balio izan dute frogatzeko, eta 2017aren amaierarako txertoaren lizentzia izatea espero da.

ebolaren-aurkako-txerto-eraginkorra-lortu-dute-azk
Arg. WHO

Gineako 11.841 pertsonak hartu zuen parte ikerketan, 2015ean. Haietatik 5.837k hartu zuen txertoa, eta txertaketaren ondorengo hamar egunetan ez zen inolako ebola-kasurik ikusi haien artean. Kontrol-modura jokatu eta txertoa hartu ez zutenen artean, ordea, 23 kasu azaldu ziren.

“Eraztun erako txertaketa” erabili zen: ebola-kasu bat diagnostikatzen zutenean, aurreko hiru asteetan pertsona horrekin harremanetan egondako pertsona guztiak txertatzen zituzten ikertzaileek. Horrelako 117 talde edo “eraztun” identifikatu ziren, bakoitza 80 bat pertsonaz osatua. Txertaketa-modu hori baztanga desagertarazteko erabili zen 70eko hamarkadan, eta, konplexua bada ere, oraingoan ere arrakastatsu azaldu da.

rVSV-ZEBOV estomatitis besikularraren birusean (VSV) oinarritutako txerto errekonbinantea da. Erreplikatzeko konpetentea da birusa, baina ez du gaixotasunik garatzen, eta haren azalean Ebola birusaren glikoproteinak jarri dizkiote, birusarekiko babesa eragin dezan.

Ebola birusa 1976an identifikatu zenetik, askotan agertu da Afrikan, baina 2013 eta 2016 arteko agerraldia izan zen hilgarriena: 11.300 heriotza baino gehiago eragin zituen Ginean; hain zuzen ere, txerto berria probatu den eremuan. OMEko arduradunek ziurtatu dute hemendik aurrerako agerraldietan prest egongo direla gaixotasunari aurre hartzeko. Larrialdietarako 300.000 dosi prest izateko konpromisoa hartu du MERK enpresa farmazeutikoak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila