Duela 18 milioi urteko habia fosila aurkitu dute Nafarroan

duela-18-milioi-urteko-habia-fosila-aurkitu-dute-n
Ezkerrean, laukian, habiaren arrastoak. Eta laukitik kanpo, irudiaren ezkerreko muturrean, ia osorik kontserbatutako arrautza fosila. Eskuinean, habia eta oskolak gertutik. Arg. © PloS ONE

Hegazti urtarren habia fosil bat aurkitu dute Nafarroan, Bardeetan. Arrautzak flamenkoen aurreko espezie batenak dira, eta, haietako bat, ia osorik kontserbatu da 18 milioi urtez. Ikertzaileen esanean, munduko habia fosilik zaharrena da, erregistro paleontologikoan dinosauroen eta beste narrasti batzuen arrautzak ezagutzen badira ere, ez direlako habiatzat hartzen, ez baitute arrautzak erruteko egiturarik.

Fosilen azterketa Euskal Herriko Unibertsitateko eta Espainiako Geologia eta Meatzaritzako Institutuko geologoek, eta paleontologo estatubatuar eta brasildarrek egin dute, eta PLoS ONE aldizkarian eman dute emaitzaren berri. Aurkikuntza garrantzitsutzat jo dute, ez direlako oskolen zati bakan batzuk, ez eta arrautza bakan batzuk ere. Oskolen ezaugarriek, habia hartzen duen harkaitzaren azterketak eta hezur puskak egoteak ahalbidetzen dute gaur egungo flamenko edo murgilen aurreko espeziearen habia dela esatea. Espezie hori gaur egun Bardeak diren zingiretan bizi zen (zingira horiek ez ziren oso sakonak, eta klima gaur egungoa baino epelagoa).

Fosila 2004aren bukaeran aurkitu zuen Julio Salillas fontellastarrak, hondeamakina batez ekaitzak eragindako kalteak konpontzen ari zela. Bardeetan, ornodun mota askoren fosilez gain, hegazti, krokodilo eta dortoken arrautzen oskol fosilduak aurkitu dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila