70 animalia-irudi zenbatu dituzte, “baina horiek baino gehiago daude”, zehaztu du Garatek. Haren esanean, 100-150 irudi egongo dira guztira, “Euskal Herrian gehien dituena izango da”. Zaldiak eta bisonteak dira gehienak, eta 14.000 urte inguru izango dituztela kalkulatu dute.
Garatek onartu du denbora beharko dutela denak ondo aztertzeko, baina harribitxiren bat edo beste topatu dute dagoeneko. Esaterako, bada bisonte bat jaurtigailuz josita: “Europan, jaurtigailu gehien dituen bisontea da”, esan du Garatek.
Zaldiak eta bisonteak ez ezik, oreinak, uroak eta ahuntzak ere badaude. Denak teknika berarekin daude eginak: horman grabatuta, eta, batzuk, margo beltzez marraztuta. Margoak nola egin ziren ulertzeko aztarna esanguratsuak ere aurkitu dituzte.
Grabatuen ugaritasuna aintzat hartuta, Madeleine aldiko kobazulo garrantzitsuenetako bat bilakatu da Atxurra (aldi horretakoak dira baita Santimamiñekoak ere). Irudiak dauden lekura iristea ez da erraza, eta haiek aztertzeko aldamioak jarri eta segurtasun-neurriak hartu beharko dituzte. Aztertzeaz gain, 3Dan digitalizatzeko asmoa ere badute, guztien eskura jartzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egiten ari dira ikerketa, argitaratze- eta kontserbazio-lanak, eta hark eman du aurkikuntzaren berri.
Atxurrako irudien bideoa ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.
--> Diego Garate Maindagani elkarrizketa (2016-05-26): “Euskal Herrian animalia-irudi gehien dituen kobazuloa da Atxurra”
Elhuyarrek garatutako teknologia