Dragoi pribatuaren lehen hegaldia

SpaceX konpainiak transbordadoreen ordezko bat probatuko du maiatzaren 3an

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

dragoi-pribatuaren-lehen-hegaldia

Lehen aldiz joango da espazio-ontzi pribatu bat ISS espazio-estaziora. SpaceX enpresako Dragon zamaontzia da, eta probako bidaia izango da oraingoa. NASAk lagundutako proiektua da, gerora Dragon eta beste ontzi pribatu batzuekin ordezkatu nahi dituztelako dagoeneko erretiratu dituzten transbordadoreak.

Falcon 9 suziriak garraiatuko du Dragon kapsula atmosferatik irten arte. Handik aurrera, kapsulak bere kabuz egingo du hegan, ISSraino iritsi arte. ISSko beso robotiko batek hartuko du, eta estazioaren laborategiarekin akoplatzen lagunduko dio. ISSko astronautek aterako dute zama. Gero, Lurrera itzuliko da. Planifikatutakoaren arabera, apirilaren 30ean jaurti behar zuten Dragon kapsula Cañaveral lurmuturretik, baina azken uneko test batzuk egin ahal izateko, jaurtiketa maiatzaren 3ra atzeratu dute.

Probako hegaldia tripulatu gabekoa izango da, eta ISSra eramango dituen 1.181 kilo zamatatik, 660 kilo Lurrera bueltan ekarriko ditu. SpaceXko Elon Musk diseinatzaileak dio hiru urteko epean lortuko dutela misio tripulatua bidaltzea ISSra. Baina oraingo hegaldia da horretarako egin behar duen lehen urratsa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila