Sussexen, Ingalaterran, duela hamar urte baino gehiago topatutako fosil berezi bat dinosauro baten lehen garun fosildua dela baieztatu dute. Iguanodonaren ahaide baten garuna da,113 milioi urte ditu, eta garbi ikusten dira meningeak, odol-hodi batzuk eta inguruko ehunak.
Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaile batek zuzendu du fosilaren azterketa, eta emaitzak Londresko Geologia Elkartearen zenbaki berezi batean argitaratu dira. Ikertzaileen arabera, oso zaila da garunaren gisako ehun bigunak fosil bihurtzea, eta dinosauro hori ingurune oso azidoan eta oxigeno gutxikoan hil izanari zor zaio fosildu izana.
Ikertzaileek fosilaren egiturak aztertu dituzte, ekorketazko mikroskopio elektronikoaren (SEM) bidez eta Australia Mendebaldeko Unibertsitateko ikertzaileen laguntzarekin, eta frogatu dute dinosauroen gaur egungo ondorengoen garunen antza dutela. Adibidez, hegaztien eta krokodiloen meningeen oso antzekoak dira fosilenak.
Hala ere, haiekin alderatuta, baditu desberdintasunak ere. Hain zuzen, narrastien garunak buru-hezurraren bolumenaren erdia baino ez du hartzen, odolki itxura du, eta odol-hodi sare trinko batez inguratuta dago. Aldiz, badirudi dinosauroaren garuna buru-hezurrarekin kontaktuan zegoela. Ikertzailek, dena dela, ohartarazi dute hortik ezin dela ondorioztatu zenbaterainoko adimena zuten.
Elhuyarrek garatutako teknologia