Estatu Batuetan duela 77 milioi urte hil zen dinosauro baten fosila aurkitu dute. Brachylophosaurus canadiensis espeziekoa da eta lau urte zituenean hil zela ondorioztatu dute zientzialariek.
Dinosauroaren ia hezur guztiak aurkitzeaz gain, azalaren eta muskuluen aztarnak ere aurkitu dira. Eta ez da batere ohikoa, normalean ehun bigun guztiak usteldu egiten baitira fosilizatu aurretik. Fosil berriak dinosauro-espezie hori nola mugitzen zen eta bere kanpoko itxura nolakoa zen aztertzeko aukera emango du.
Dinosauroaren erraiak ere aztertu ahal izan dituzte zientzialariek, baita animaliaren azken otordua zein izan zen ere. Brakilofosauroak belarjaleak ziren eta, honen urdailean aurkitu dituzten hazi eta polen-ale fosilizatuei esker, hainbat landare-espezie identifikatu dituzte: iratzeak, pinuak eta magnoliaren antzeko landareak.